Gaur Miriam Ojembarrena elkarrizketatuko dugu, WanderPad startup-aren sortzailea. WanderPad-ek nomada digitalak eta urrunetik lan egiten duten profesionalak bidaiatzen duten bitartean lan egiteko espazioekin, tokiko komunitateekin eta beste profesional batzuekin konektatzen ditu.
WanderPad leku batetik bestera mugitzen diren bitartean lan egiten duten pertsonengan pentsatuta sortu zen. Nola sortu zen ideia? Esperientzia pertsonal batetik abiatu zen?
Ideia nire esperientzia pertsonaletik sortu zen, bizimodu nomada ezagutu nuenean. Hasieran dena abantailak direla dirudi, baina errealitatea da bakardadea guztiok noizbait ordaindu dugun bidesari isila dela.
Asko gara lana bizitza askeago baterako zubi gisa ulertzen dugunok, baina askatasun hori bi aldiz gehiago gozatzen da bakarrik ez zaudenean. Munduan zehar mugitzeko nire modua zena WanderPad bihurtu zen: nire egunerokoa, nire motibazioa eta helmuga batera iristen zarenean behar duzun lehen bultzada emateko eta bidean laguntzen jarraitzeko sortu dugun ekosistema.
Zein unetan pentsatu zenuen: «Hau benetako negozio bihur daiteke»?
Klik-a oinarrizko galdera batetik etorri zen: «Honek bizitza errazten al dit niri eta nire ingurukoei? Egunero erabiliko genuke?». Erantzuna baiezko biribila izan zen. Baziren alternatibak, baina leku berri batera iristean benetan bilatzen duzun komunitate- eta “etxe”-sentipen hori falta zen.
Hala ere, ideiatik negoziora tarte handia dago. Hain gazte ekitea eta atzean kapitalik ez izatea ia ezinezkoa da; beraz, benetako inflexio-puntua erakunde publikoen babesa izan zen: kanpoko profesionalek proiektua aztertzea eta bertan sinesteak erakutsi zigun ez zela intuizio hutsa, benetako etorkizuna zuen negozio bat baizik.
Zertan bereizten da WanderPad beste irtenbide teknologikoetatik?
Aplikazio gehienak Google Maps moduko tresna hobetu batean geratzen dira, eta honelako zerbait esaten dizute: «Begira, hemen mahai bat eta wifi ona dituzu; hortik aurrera, moldatu zeure kabuz». WanderPad-en urruneko lana bizimodu dutenentzako ekosistema osoa izan nahi dugu, munduaren beste puntara bidaiatzen ari bazara zein zure auzoan freelance gisa lan egiten baduzu.
Ez zaitugu hiri batean bakarrik uzten zer gertatuko zain; inguruko beste profesional batzuekin konektatzen zaitugu networking-a egiteko, tokiko zalantzak argitzeko eta aurrez aurreko topaketetan parte hartzeko. Horrez gain, espazioetan zuzeneko deskontuak eskaintzen ditugu gastuak arintzeko, baita benetan erabilgarria den edukia ere, itxurakeriarik gabe.
WanderPad-ek ez du soilik wifi ona duen leku bat aurkitzea bilatzen; komunitatea sortzea ere badu helburu. Zergatik zen hain garrantzitsua alderdi sozial hori proiektuan txertatzea?
Wifi azkarrak eta entxufe batek lanaldia konpontzen dutelako, baina ez eguneroko bakardadea. Sare sozialetan ia inork kontatzen ez duen urruneko lanaren errealitatea da munduko helmugarik ikusgarrienean egon zaitezkeela eta, hala ere, erabat isolatuta senti zaitezkeela inguruan babes-sarerik ez baduzu. Babes sozial hori duzunean, bizimodu honek eskaintzen duen askatasunaz benetan gozatzen da.


Zein izan da garapenean izan duzuen erronka teknologikorik handiena?
Erronkarik handiena ez da funtzionalitate jakin bat programatzea izan, baizik eta espazioei buruzko informazio teknikoa etengabe eguneratuta mantentzeko gai den arkitektura diseinatzea, aldi berean alderdi soziala integratuz. Tabernari edo harreragile batek deskontu bat unean bertan baliozkotu ahal izatea, erabiltzaileak modu seguruan konektatzea haien pribatutasuna arriskuan jarri gabe, eta guztia nazioarteko eskalan modu azkar eta arinean funtzionatzea izan da, zalantzarik gabe, benetako buruhauste teknikoa.
WanderPad-ek bi alde ditu: batetik, urrunetik lan egiten duten profesionalak; eta, bestetik, coworking-ak, kafetegiak, ostatuak eta bestelako establezimenduak. Nola sortzen duzue balioa bi aldeentzat?
Elkar elikatzen duten bi ikuspegi desberdin dira.
Espazioei dagokienez (B2B), argi jokatzen dugu: ikusgarritasuna eta bezero errepikariak eskaintzen dizkiegu, komisioan oinarritutako eta arriskurik gabeko eredu baten bidez. Lokal bakoitzak askatasunez erabakitzen ditu eskari txikieneko orduak betetzeko baldintzak —ordutegiak, gutxieneko kontsumoa edo abantaila mota—, kontrola galdu gabe.
Urrunetik lan egiten duen profesionalarentzat, berriz, bere etxea gara, dagoen lekuan dagoela. Ia sinbolikoa den harpidetza baten truke, egiaztatutako espazioak biltzen dituen mapa hautatu bat du eskura, tokiko komunitaterako sarbide zuzena bakarrik ez egoteko, helmugari buruzko benetako informazioa eta aplikazioaren kostua ia lehen egunetik amortizatzeko aukera ematen duten deskontu esklusiboak. Azkenean, espazioek mahaiak betetzen dituzte eta profesionalek beren lekua aurkitzen dute munduan; balioa modu naturalean sortzen da.
Nolakoa izan da WanderPad Araban/Euskadin garatzea? Zer babes aurkitu duzue ekintzailetza-ekosistemaren barruan?
Esperientzia izugarria izan da daukagun ekosistemari esker. Gaztea izanik eta ideia digital batekin abiatuta, atzean babesa izateak erabateko aldea egiten du saiakeran geratzearen eta benetako enpresa bat sendotzearen artean.
Gure kasuan, Arabako Foru Aldundiaren, SPRIren, Merkataritza Ganberaren, EUIPOren eta BIC Arabaren babesa benetako zutabea izan da: ez bakarrik finantzaketagatik, baita aholkularitza estrategikoagatik eta eskaintzen dizuten kontaktu-sareagatik ere.
Baina erakundeez harago, komunitatearen balioarekin geratzen naiz: sektore desberdinetako profesionalek, guztiz eskuzabaltasunez, une erabakigarrietan orientatu eta bultzatu naute. Euskadik badu sare bat non ez zauden bakarrik; babesa ematen dizute hemen jaiotako ideia batek munduko edozein txokotan lehiatu eta eskalatu ahal izan dezan.

WanderPad hiru hitzetan definitu beharko bazenu, zein izango lirateke?
Komunitatea. Askatasuna. Ekosistema.
Orain WanderPad merkatuan dagoela, zein da zuen erronka nagusia: erabiltzaileak lortzea, espazioen sarea zabaltzea, nazioartekotzea…?
Orain erronka polita bezain zorrotza ekosistema hori biziz betetzea da: urrunetik lan egiten duten profesionalen masa kritikoa sartzea, elkarreragitea, abantailak egunero erabiltzea eta aplikazioaren barruan benetako komunitatea eraikitzea. Hori da une honetan gure erronka nagusia.
Nomada digitalengan pentsatzen dugunean, Bali, Lisboa edo Kanariak bezalako helmugak etortzen zaizkigu burura; baina Araba bezalako lurralde batek ere lehia al dezake profesional mota horiek erakartzeko?
Erabat. Bali edo Lisboa bezalako helmugak izugarriak dira eta energia berezia dute, baina errealitatea da nomadismoak bilakaera izan duela. Jada ez gara soilik motxiladun profilaz ari; gero eta gehiago dira beste erritmo bat bilatzen duten profesional finkatuak.
Ongizatea, lasaitasuna, natura eta, noski, maila goreneko gastronomia lehenesten dituzten pertsonak. Araba ez da hondartzako postal bat izateko lehian ari; benetako oreka eskaintzeagatik bereizten da: bizi-kalitatea, segurtasuna eta profesionalki erritmoa galdu gabe benetan deskonektatzeko aukera ematen duen ingurunea.
Nola kudeatzen duzu ziurgabetasuna ekintzaile gisa egunerokoan?
Jokoaren parte dela onartuz. Erabateko ziurtasunak bilatzen badituzu, ez duzu ekiten. Bi urte barru zer gertatuko den pentsatzearekin ez larritzen eta gaur kontrola dezakedan horretan ehuneko ehunean zentratzen ikasi dut.
Zer aholku emango zenioke bere startup propioa abiaraztea pentsatzen ari den norbaiti?
Zentzua duen, baliozkotuta dagoen eta benetan barrutik betetzen zaituen ideia bat baduzu, nahikoa eta soberan duzula aurrera egiteko. Nire kasuan, oztopo nagusia kapitala zen, gauzak diren bezala. Baina, azkenean, zerk bereizten gaitu enpresaburu handiengandik? Nik ikuspegia eta produktua nituen; baliabideak baino ez zitzaizkidan falta. Identifikatu zintzotasunez zer pieza falta zaizun eta joan bete-betean haren bila, gaur egun finantzatzeko eta martxan jartzeko aukera ugari baitaude. Baina, batez ere, egin ezazu benetan barrutik mugitzen zaituelako.
Galdera azkarren txanda
Ekintzailetzari buruzko zer film gomendatuko zenuke?
Joy, hutsetik hasten den emakume baten anbizioa eta erresilientzia nola islatzen dituen ikusita.
Inspiratzen zaituzten marka/enpresa bat:
Airbnb, bidaiatzeko modua eraldatu zuelako, komunitatea guztiaren erdigunean jarriz.
Zein esaldik motibatzen zaitu gehien lanean?
Amak esaten zidan jada… «Mundua azkarrentzat da». Kaleko esperientziarik gabeko talentua ez da inora iristen.
Iraganera itzuliko bazina, berriro ekingo zenioke?
Zalantzarik gabe, segundo bakar batez ere pentsatu gabe. Esperientzia handiagoarekin eta beste harri batzuekin estropezu eginez, baina beti bai.