2016, Apirila 4

“La Caixa” Fundazioak eta SPRIk EmprendedorXXI Sarien hamargarren edizioa deitu dute

Proiektu berritzaile bat duten 3 urtetik beherako enpresek parte har dezakete. Ekintzaileentzat erreferente bihurtu den ekimen honek helburutzat du Espainiako hazkunde potentzial handieneko enpresak identifikatu, aitortu eta babestea. Deialdiak 400.000 eurotik gora banatuko ditu saritan, bi fasetan: fase autonomikoa, non irabazle bat izendatuko baita autonomia erkidego bakoitzean, eta fase sektoriala, bost irabazle absolutu izango dituena. 2007an sortu zenetik, EmprendedorXXI Sariketak 3,67 milioi euro inbertitu ditu saritan eta laguntza ekintzetan, eta 232 enpresa izan dira laguntza horien onuradun.

“La Caixa” Fundazioak (Caixa Capital Risc sozietatearen bitartez), eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak (ENISAren bitartez) deialdia egin dute EmprendedorXXI Sarien 10. ediziorako, helburu honekin: Espainiako hazkunde potentzial handieneko enpresak identifikatu, aitortu eta babestea. EmprendedorXXI Sariak 3 urtetik beherako enpresa berritzaileei zuzentzen zaizkie. Euskadin SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ere parte hartzen du erakunde antolatzaile gisa.

Aurtengo edizioan Estatu mailako bost sari sektorial eta eskualde mailako 17 sari banatuko dira (bat autonomia erkidego bakoitzeko). Garaikur sektorialek arlo hauetako enpresa onenak sarituko dituzte: Bizitza Zientziak, Informazio Teknologiak, Negozio Digitalak, Elikadura eta Nekazaritza, eta Teknologia Industrialak. Horrez gain, bi akzesit emango dira: berrikuntza teknologiko onenarena eta inguruan inpaktu sozial handiena izan duen proiektuarena. Beren ekimenak aurkeztu nahi dituzten ekintzaileek martxoaren 30etik hasi eta maiatzaren 30era arteko epea daukate beren hautagaitza online aurkezteko, web orri honetan: www.emprendedorXXI.es.

Ekainean, uztailean eta abuztuan hautagaitzak baloratu eta finalistak hautatuko dira. Ondoren, irailean eta urrian, autonomi mailako sari-banaketa ekitaldiak egingo dira. Azkenik, EmprendedorXXI Sarien Estatu faseko azken epaia azaroan emango da, Bartzelonan.

400.000 eurotik gora saritan

Fase autonomikoa irabazten duten enpresek 5.000 euro jasoko dituzte, eta baita ere beka bat, Cambridge Unibertsitateak (Erresuma Batua) ematen duen enpresen hazkunderako ikastaro trinkoan parte hartzeko (Ignite Fast Track).

Fase sektorialean, berriz, arlo bakoitzeko irabazleek 25.000 euro jasoko dituzte eta 6 hilabetez dohainik parte hartu ahal izango dute Peer-to-Peer Advisory Board delakoetan, hots, coach batek zuzendutako hileroko bileretan, zeintzuen bidez laguntza ematen baitzaie zuzendari nagusiei enpresaren hazkunde estrategia definitzeko. Gainera, aukera izango dute 25.000 euroko laguntza programa batean parte hartzeko, non bakoitzaren premiei eta garapen faseari egokitutako jarduerak garatuko baitituzte, lehentasuna izango dutelarik Caixa Capital Risc eta ENISAren finantzaketa eskuratzeko.

Era berean, sektore bakoitzeko hiru finalistek ere dohainik parte hartu ahal izango dute laguntza programan.

Erreferentziazko ekimen sendoa

EmprendedorXXI Sariak erreferentziazkoak dira Espainiako startup-entzat, eta ekimen erabakigarri bihurtu dira Espainiako proiektu ekintzaile onenei behar duten bultzada emateko.

2007an sortu zenetik, 3,67 milioi euro inbertitu dira saritan eta laguntza ekintzetan, eta 232 enpresa izan dira laguntza horien onuradun. Zehazki, 2,2 milioi euro banatu dira esku-dirutan, eta 1,5 milioi euro eman dira prestakuntza-ekintza eta nazioarteko networking gisa. Guztira, 4.665 enpresa sortu berrik parte hartu dute EmprendedorXXI Sarietan.

2015eko edizioan, 28 enpresak parte hartu zuten Euskadin. ARIMA izan zen irabazlea, egoitza Gipuzkoan duen enpresa, zeinak web aplikazioen kalteberatasuna murrizten baitu HDIV konponbideak diseinatuz. Konponbide horiek aplikazioen barruan funtzionatzen dute –eta ez kanpoan-, eta, segurtasunaz gain, bestelako abantailak ere eskaintzen dituzte, hala nola, ezarpen errazagoa eta errendimendu hobea.

Espainiako hazkunde potentzial handieneko enpresa berritzaile sortu berriak identifikatzen, aitortzen eta babesten emandako urte hauek guztiek bermatzen dute Estatu osoan erreferente bihurtu den ekimen sendo hau. Guztira 135 erakunde inplikatu dira antolatzaile edo kolaboratzaile gisa, eta 257tik gora enpresarik, inbertitzailek eta ekintzailetzarekin lotutako erakundeetako ordezkarik parte hartzen dute urtero Espainia osoan egiten diren 40 batzorde eta epaimahaietan.

Caixa Capital Risc erakundeari buruz

Caixa Capital Risc “La Caixa” Fundazioko sozietate bat da, arrisku kapitaleko enpresak kudeatzen dituena. Hazkunde potentzial handiko enpresa espainiar berritzaileen lehen etapetan inbertitzen du, laguntasuna ematen dielarik hazkundearen etapa desberdinetan.

Erakunde kudeatzaile hau esparru anitzetako inbertitzaile espezialista bat da, gorakortzat dituen sektoreetan zentratzen dena: Bizitza Zientziak, Teknologia eta Arlo Digitala, eta Industriarako Teknologiak. Caixa Capital Risc sozietateak 180 milioi eurotik gorako bolumena kudeatzen du 8 inbertsio funtsen bitartez, eta 175 konpainia ditu bere enpresa-zorroan.

Euskadin Enigmedia enpresa Caixa Capital Risc sozietateak partaideturik dago.

Inbertsio jarduerarekin batera, hainbat ekintza garatzen ditu ekintzaileei laguntzeko. EmprendedorXXI ekimenaren bitartez, “la Caixa” taldeak ekintza ugari bultzatzen ditu potentzial handiko enpresa berriei prestakuntza eta ikusgarritasuna emateko, eta, aldi berean, balio erantsidun kontaktuak sortzeko.

SPRIri buruz

SPRI Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentzia da, Euskadiko enpresa sarearen zerbitzura dago eta euskal enpresak laguntzea eta bultzatzea da bere helburua, edozein dela ere enpresa horien tamaina, sektorea nahiz kokapena. Euskal enpresen lehiakortasuna babestea, bultzatzea eta sustatzea du xede, bide horretatik, aberastasuna sortuz Euskadin eta herritarren ongizate maila hobetuz, giza garapen iraunkorra indartuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Sustapenerako Politikaren arloan.

SPRIk ekintzaileei laguntzen die Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedaturik dagoen Enpresa eta Berrikuntza Zentroen sarearen bidez. Hona hemen zentroen sare horrek eskaintzen diena: finantza arloko laguntza, proiektuak garatzeko kokaleku bat eta zentroetako profesionalen tutoretza, ez bakarrik hasierako fasean, baina baita ere ideia heltzen denean, eta ekimena bideragarria bada, enpresa bihurtu arteko fase osoan.

ENISAri buruz

ENISA enpresa publiko bat da, Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritzaren bitartez, Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikirik dagoena. 1982tik aktiboki parte hartzen du ETEek eta ekintzaileek sustatzen dituzten proiektu bideragarri eta berritzaileen finantzaketan.

Sortu zenetik, ENISAk 740 milioi eurotik gorako 4.400 mailegu baino gehiago eman ditu. 2015ean, 96 milioi euroko 737 operazio onartu ziren, eta ENISAk 113,3 milioi euroko zuzkidura du 2016ko ekitaldirako.[:][/fusion_builder_column][/fusion_builder_row][/fusion_builder_container]

PARTEKATU