2015, Urtarrila 21

Jokotoki proiektuak haurrentzako The Magic Pond aplikazioa merkaturatu du

Bihartech startup-ak “Jokotoki” proiektua sortu du, zeinak haurrentzako jolasak garatzen baititu tablet eta smartphonetarako artista, pedagogo eta diseinatzaileen laguntzaz. Javier Galdos ilustratzailearekin batera garatu duten lehen jokoak The Magic Pond du izena eta 5 urterainoko haurrentzat pentsatutako jolas hezitzaile bat da.

The Magic Pond irudimenezko mundu bat da, beraizik diseinatua dagoena haurrek mundua esploratu eta deskubritu eta animaliekin jolastu dezaten eszenatoki magikoetan barrena. iOS gailuentzat merkaturatu berri duten aplikazio hori 5 urterainoko jokalariei zuzentzen zaie eta Javier Galdos ilustratzailearen laguntzarekin garatu dute.

Jokoak 30etik gora pertsonaia eta elementu interaktibo ditu, ukimenarekin erreakzionatzen dutenak haurren irudimena estimulatzeko. Igel txiki bat da The Magic Pond jokoaren protagonista. Jokoan jarduera ugari daude, esaterako Kameleoien jolasa (animaliak oihaneko landareen artean aurkitzeko), Putzuko banda (jokalariak musikariak kokatu behar ditu erritmoari jarrai diezaioten) edo Igelaren eta ilargiaren jolasa (xaboi punpak lehertu behar ditu igel txikiak ilargirainoko eskailera bat eraiki dezan).

Aplikazio hau Jokotoki ekimenaren lehen garapena da. Bihartech euskal enpresa gazteak diseinatzaile, pedagogo, maker eta ilustratzaileen laguntzaz abiarazi zuen ekimen hori, haurrentzako jokoak sortzeko. Lantaldearen helburua da kalitatezko aplikazio hezitzaileak sortzea, ikaskuntza sustatzeko dibertsiotik abiatuta, betiere tablet eta sakelako adimendunen tresna interaktiboak aprobetxatuz. Jokoa haur oso txikiei zuzenduta dagoenez, sortzaileek erabaki dute publizitaterik ez sartzea eta nahiago izan dute aplikazioa Apple Store dendan salgai jartzea.

Bihartech enpresa teknologiko sortu berri bata da, CEiAn (Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan) kokatua eta pasa den urteko uztailean jarri zen martxan. Haur jokoentzako aplikazioez gain, errealitate handituko konponbideak, serious game jokoak eta enpresa munduko advergaming arloa dira startup honen espezialitateak.

PARTEKATU