2022, Maiatza 13

INIZIA 2022 sariak eman dira

Ekimen berritzaile berrien kategoriako lehen sariaren irabazleak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Inizia DAY jardunaldiaren barruan 2022ko INIZIA sariak banatu dira. Ekitaldi horren buru Manoli Igartua Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordea aritu zen, eta horrez gain, David Montero BIC Arabako zuzendariak eta Amaia Calleja Arabako Campuseko Ekintzailetzako eta Transferentziako zuzendariak ere parte hartu zuten.

Sari horiek kultura ekintzailea sustatzea xede duen INIZIA Arabacampus programaren barruan ematen dira, eta programa horretan elkarlanean aritzen dira hala UPV/EHUaren Arabako Campusa nola BIC Araba. Haren helburua, honako hau: enpresa ekimen berritzaileak dakartzaten eta/edo oinarri teknologikoa duten proiektuak saritzea.

Edizio honetan, bi kategoria ezarri dira. ‘Ekimen berritzaile berriak’ kategoria pertsona hauei zuzenduta zegoen: UPV/EHUko tituludunak edo graduatu ondokoak eta edozein ziklotako ikasleak; edo UPV/EHUn egindako ikerketaren emaitzaren ondorioz sortutako teknologia erabiltzen duten sustatzaileak.

‘Gradu Amaierako Proiektuak, Master Amaierako Proiektuak eta Doktorego Tesiak’ kategoria, berriz, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan Gradu Amaierako proiektua edo Master Amaierako proiektua egiten ari diren edo aurkeztu duten ikasleei bideratuta zegoen. Gainera, kategoria horren barruan, beste atal bat zegoen doktorego tesia egiten ari diren edo 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan aurkeztu duten ikertzaileentzat, betiere proiektuaren merkatu aukerak aztertzeko eta, aukerarik badago, hura gauzatzeko borondatea badute.

Aurtengo saridunak

‘Ekimen berritzaile berriak’ kategorian, lehen saria ‘TEST4SAFE’ proiektuarentzat izan da. Proiektu hori helburu honekin sortu zuten: sumisio kimikoa baliatuz egindako delituak prebenitzea, eta kontsumitzaileei babesa eta segurtasuna ematea.

Bigarren saria ‘OverlayON’ proiektuarentzat izan da. Plataforma bat da eta hala nahi duten sortzaileei streamaren kalitatea hobetzeko aukera ematen die, Overlay dinamikoen bitartez. Overlay dinamikoak emanaldian jartzen diren gainjartzeak dira eta honako hau ahalbidetzen diote streamerrari: komunikazioaren efizientzia hobetzea, erabiltzaileekin interakzioan aritzea, zozketak egitea, agintearen zer botoi sakatzen ari den erakustea, etab.

‘Gradu Amaierako Proiektuak, Master Amaierako Proiektuak eta Doktorego Tesiak’ kategoriari dagokionez, izenburu honetako tesiak erdietsi du saria: ‘Zelulen, biosentsoreen eta nanomaterialen Mikropatroi konbinatuak (zelulen monitorizaziorako mikrosistema integratu gisa)’. Helburuen artean plataforma bat garatzea du, aldi berean honako alderdi hauek ahalbidetu ditzan: giza zelulak atxikitzea, askotariko faktore fisiologikoak kontrolatuta, eta zelula barneko zein zelulaz kanpoko askotariko gertaerak monitorizatzea.

Kategoriako beste bi sariak honako lan hauentzat izan dira: batetik, ‘SAE 2 automatizazio-maila edo handiagoa duten ibilgailuentzako HMI modularra diseinatu eta inplementatzeko’ lanarentzat; Autonomous Driving lantaldearen ibilgailu autonomorako pertsona-makina interfaze bat erabili beharrari erantzun nahian sortu da proiektu hori. Eta, bestetik, ‘Fabrikazio gehigarriaren bidez fabrikatutako estaldura akustikoa’ lanarentzat, EVTOL (Electric Vertical-TakeOff and Landing) motako aireontzietan isolamendu akustikoa hobetzera bideratuta.

PARTEKATU