2018, Uztaila 12

F2P Campus Vitoria-Gasteiz-ek Bartzelonako bi talde, Ukrainako bat, Koreako bat, Euskadiko bat eta Malagako bat hautatu ditu, munduko lehen Free-to-Play Campusean parte hartzeko

6 taldeak 12 herrialdetako 22 hautagairen artean aukeratu dira; 21 pertsonak osatzen dituzte eta astelehenean, uztailaren 16an, hasten dira, urriaren hasieran amaituko den egonaldiarekin; egonaldiaren amaieran, azken “Demo Day”a egingo da eta, bertan, beren aurrerapenak aurkeztuko dituzte

Euskal hiriburuak bideo-joko mota horren munduko ia hogei adituren bisita jasoko du, eta horiek taldeetako mentore-lanetan jardungo dute

F2P Campus Vitoria-Gasteizko arduradunek, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen eta BIC Arabak eta Basquegamek Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntzaz antolatzen duten munduko Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen lehen campus-azaleratzaileko arduradunek, gaur, datorren astelehenetik, uztailaren 16tik aurrera ekimenaren lehen edizio honetan parte hartuko duten sei taldeak iragarri dituzte. Ukraina, Korea, Euskadi, Malaga eta Bartzelona (2 talde) dira 3 hilez beren proiektu berriak Artium-Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren instalazioetan garatuko dituzten 21 pertsonen jatorrizko lekuak. Hautaketa mundu osoko 12 herrialdetatik aurkeztutako 22 hautagaitzaren artean egin da; horrek erakusten du F2P Campus Vitoria-Gasteizen lehen edizio honek nazioartean izan duen harrera bikaina.

Euskal hiriburuan sustatuko dituzte bideo-jokoen garatzaile horiek guztiek beren proiektuak, Free-to-Play industriaren, jokatzen hasteko aurretiazko ordainketarik behar ez duten bideo-jokoen, munduko aditu onenen arteko ia hogei bat adituren laguntzaren bidez. “Parte-hartzaileek mentore horien aholkuak jasotzeko aukera izango dute; mentore horiek erreferente dira dagozkien eremuetan eta bideo-joko arrakastatsuak diseinatzen eta garatzen parte hartu dute, besteak beste, Candy Crush, Assasins Creed edo Cut the Rope 2”, esan dute campuseko arduradun teknikoek.

Giant Fox, “Rise of Titans”ekin, eta Garage 51, “Yokai Fury”rekin, F2P Campus Vitoria-Gasteizen hautaketa-taldeak aukeratu dituen bi taldeak dira; Bartzelonan dute egoitza. Lehenengoa 4 kidek eratzen dute eta, bigarrena, 3 pertsonak. Bi proiektuak daude, dagoeneko, garapen-fase oso aurreratuan, eta urte-amaierarako abiaraztea aurreikusten dute.

Gogoo da Koreako taldearen izena; taldea 4 kidek osatzen dute eta “Princess Maker” aurkeztu dute, Asiako merkatuaren oso gustuko den proiektua, aintzat hartuta sektore honetan merkatu handienetakoa dela. Ukrainatik Vitaliy heldu da; 3k osatzen dute taldea, 2 ukrainarrak dira eta bestea txekiarra. Bideo-jokoa “Dungeon Card Hero” deitzen da. Hypeful Malagatik 4 kiderekin heldu den taldea da, eta “Big Box” proiektua aurkeztu dute; taldekideen artean, youtuber ezaguna dago, ia 300.000 jarraitzaile dituena. Azkenik, Irundik Etorki Games heldu da, 3 kidek eratzen duten euskal taldea; “Tribal Snap” bideo-jokoa aurkeztu dute. Proposamen horietako gehienak mugikorrerako daude pentsatuta, nazioarteko merkatuan garapen gehieneko plataformarako.

Horiek guztiak asteburu honetan bertan hasiko dira Lakua auzoan bizileku izango dituzten apartamentuak betetzen, eta Artiumen bereziki gaitutako lan-espazioa ezagutzen hasiko dira. Datozen 3 hileotan, Jon Beltran de Heredia eta Raúl Herrero F2P Campuseko zuzendari akademikoen tutoretzapean lan egingo dute, eta zenbait mentoreren eskola magistralak jasoko dituzte, besteak beste, Kim Krogh King Suediako estudioetako zuzendarietako batenak, Stephane Assadourian-enak, Eugene Yailenkorenak edo Joony Koo-renak, besteak beste. F2P Campus Vitoria-Gasteizek, halaber, zenbait marka eta erakunderen laguntza du, besteak beste, Vital Fundazioa, Artium bera edo Euskaltel.

Campusaren aurkezpen ofiziala datorren ostegunean, uztailaren 19an, izango da, Artiumeko ekitaldi-aretoan, eta, bertan, talde guztiek parte hartuko dute eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ramiro González Arabako diputatu nagusia eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea izango dira.

PARTEKATU