Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek EBZen marka bateratu dute eta orain BIC deitzen dira
Irudi aldaketa hori euskal ekintzailetza sistemari laguntzeko egituren berrantolatze- eta hobekuntza-prozesuaren barruan sartzen da.
Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek hitzarmen bat sinatu dute, bere bitartez bateratzeko EBZ bezala ezagutzen diren Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen marka-irudia. Zentroak guztiak, alegia orain arte CEIA, Bic Berrilan, CEDEMI eta KABI 612 zirenak, jada BIC (Business Innovation Centre) deitzen dira, horixe baita Europa osoan eta munduko herrialde gehienetan darabilten erreferentziazko terminoa. Euskal zentroek gero eta presentzia handiagoa dute nazioarteko esparruetan, eta hartara, errazago ezagutuko dute izen berria.
Bestalde, zentro guztiek eginiko lanari esker, urrats garrantzitsua da Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemaren sendotze-prozesuan. Hala, aurrerantzean zentro horien irudia hobeto egokituko zaio euskal erakundeen lan bateratuari, alegia, Jarduera Ekintzailea Babesteko Erakunde Arteko Planaren esparruan gauzatzen dutenari.
Irudi aldaketa hori Euskadiko ekintzailetza berritzaile eta teknologikoki aurreratuaren sistemari laguntzeko egituren berrantolatze- eta hobekuntza-prozesuaren barruan sartzen da. Asmoa da orain arteko EBZn nortasuna indartzea bai Euskadin eta bai nazioartean, aurrerantzean Euskadin erabiliko den BIC (Business Innovation Centre) akronimoa baita Europa osoko erreferentziazko izena.
Era berean, euskal erakundeek helburutzat dute ekintzailetza aurreratuari laguntzeko euskal sistema bisualki argitu eta ordenatzea eta, batez ere, ikusgarri egitea ekintzailetzaren sustapenean inplikatutako erakundeak lankidetza estuan jarduteko egiten ari diren ahalegina, horretarako sortutako plan, helburu, ekimen eta ekintza-ildo partekatu eta adostuen bitartez. Zentzu horretan, irudi berriaren argitasunak eta logikak islatzen du Jaurlaritzaren, hiru foru aldundien eta BICen lan koordinatua, are gehiago hobetzeko ekintzailetzari laguntzeko sistema publikoa Euskadin.
Euskadiko BICen mapa honela geldituko da irudi aldaketaren ondoren:
BIC ARABA. Lehen CEIA zena.
BIC BIZKAIA. Lehen KABI 612 zena.
BIC BIZKAIA EZKERRALDEA. Lehen CEDEMI (Ezkerraldearen Garapenerako Zentroa) zena.
BIC GIPUZKOA. Lehen BIC BERRILAN zena.[:][/fusion_builder_column][/fusion_builder_row][/fusion_builder_container]
PARTEKATU