2018, Otsaila 27

Europak Gasteiz aukeratu du Europako Startupen Astea sustatzeko, datorren martxoaren 5ean, astelehena, Araba Ekinean ekimenak Biltzar-Jauregian antolatuko duen ekitaldiaren bitartez

-Startup Europe Week astearen antolatzaileek Arabako hiriburuko ekitaldia hautatu dute Errumaniako beste hiri bateko ekitaldiarekin batera, datorren astean 50 herrialde baino gehiagoan antolatuko diren 300 ekitaldi baino gehiagoren artean

-Ekimen hori kontinente osoan garatuko da martxoaren 5etik 8ra bitarte, eta ekimenaren bitartez ekintzaileei laguntza eskaini nahi zaie beren negozio-ideiak garatzeko aukera izan dezaten

Datorren martxoaren 5ean, astelehena, Startup Europe Week ekitaldiaren egoitza ofiziala izango da Gasteiz, eta esan beharra dago Europan ekintzailetzari buruz urtero antolatzen den ekitaldi nagusiaren aurrean gaudela. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak BIC Arabaren bitartez babestutako Araba Ekinean ekimenak antolatutako jardunaldia aukeratu dute antolatzaileek inaugurazio ofiziala egiteko, ordezkari gorenaren presentziarekin. Arabako Hiriburuak Errumaniako Brasov hiriarekin partekatuko du protagonismoa, Europako, Afrikako, Ekialde Ertaineko edo Latinoamerikako 50 herrialde baino gehiagoan 300 ekitaldi gora antolatuko diren astean. Araba Ekinean ekimenaren antolatzaileentzat hautaketa horrek “aitortza bat suposatzen du gure lurraldean ekintzailetza bultzatzeko egiten den lan handiarentzat; izan ere, Araban ekosistema garrantzitsu bat sortu dugu ekintzaileei laguntzeko, lankidetza publiko-pribatuaren bitartez eta hezkuntza-agente, aholkulari, ekonomialari eta finantzatzaileen inplikazioarekin”.

Gasteizko Jardunaldia martxoaren 5ean egingo da (astelehena, arratsaldez), Europa Biltzar Jauregian, “Startupen azeleratzaileak, moda edo aukera?” izenburupean. Helburua da bertaratzen direnek startupen azeleratzaile bat zer den lehen eskutik jakitea, tokiko eta nazioarteko azeleratzaileetan garatutako proiektu-esperientzien bitartez. Ekitaldia arratsaldeko 6etan hasiko da Araba Ekinean ekimena antolatzen duten erakunde guztien parte-hartzearekin, eta Europako Batzordeko ordezkari Igor Tasic jaunaren esku-hartze bereziarekin. Brasov beste hiri protagonistarekin zuzeneko konexio bat ere egingo da, eskualdearteko konexioak Europaren eraikuntzan duen garrantzia aldarrikatzeko.

Ekitaldiak 20 ponente baino gehiago hartuko ditu, eta hainbat aditu taldez osatuko da, horrelako enpresentzako laguntza publikoak, kanpoan ekintzaile izan diren startupen eta toki-azeleratzaileen eskutik aurrera atera direnen esperientziak aurkeztuko dituztenak. Amaitzeko, lurraldean espiritu ekintzailea indartzeko Araba Ekinean ekimenak antolatuko dituen hurrengo jardueren aurkezpen laburra egingo da.

Bertaratzea doakoa da, eta bertaratu nahi duten guztiek honako link honetan eman dezakete izena: https://www.f6s.com/sew18vitoria-gasteiz/

PARTEKATU