2011, Otsaila 18

Hemen da Metaposta, zure dokumentu-gordailu elektronikoa, zure postontzia Sarean

Ekitaldia Arabako Teknologia Parkeko erakusketa aretoan egin zen, Miñaon, METAPOSTArekin igorle moduan lankidetzan diharduten Amvisa, Banco Guipuzcoano, Bankoa Crédit Agricole, Bilbao Bizkaia Kutxa, Caja Laboral Euskadiko Kutxa, Caja Vital Kutxa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Eroski, Euskaltel, Gaia, Iberdrola, Ipar Kutxa, Kutxa, KZgunea, Naturgas Energia, Osakidetza, Lagun Aro Aseguruak eta Txingudiko Zerbitzuak enpresen ordezkari gorenak tarteko zirela.
METAPOSTA etxeko artxibategiaren ordezko gisa sortu da, euskal etxe askotan dagoen faktura, agiri eta paperen anabasari irtenbidea emateko asmoz, METAPOSTAk euskal hiritarrek darabiltzaten etxe barruko kudeaketa-moduei buruz egin duen ikerketa antropologikoaren haritik. Proposamen hau, Eusko Jaurlaritzak 2008an abiarazi eta egungo Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailak Bernabé Undaren gidaritzapean bultzatu duen Euskadi Informazio Gizartean 2010 Planaren barruan mamitu da.
Danimarkako e-Boks (www.e-boks.dk) sistemaren eragina nabarmen-nabarmena delarik, METAPOSTAk “Interneten erabiltzeko moduko dokumentu-gordailu elektronikoa eta postontzia” garatzea du helburu, hiritarrentzat nahiz enpresentzat balio handikoak diren agiriak espazio elektroniko pertsonal batean biltzeko aukera izan dezaten.
Horrez gain, METAPOSTAk ohiko postontziari dagokin zerbitzua eskainiko du mundu elektronikoan. Hiritarrek sistema honen bidez jasoko dituzten dokumentu asko eta asko postontzi fisikoan jasotzen dituzten berberak izango dira: fakturak, kontu-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak, nominak,… Gaur arte, 18 erakundek bat egin dute Metaposta sistemarekin. Eusko Jaurlaritzaren estimazioen arabera, 300dik gora METAPOSTAko zerbitzuez balia daitezkeen instituzio, erakunde eta organismoak.

PARTEKATU