2021, Maiatza 11

Cori, diabetesa zaintzea errazago egiten duen aplikazioa

  • Cori aplikazioak diabetesa duten pertsonei laguntzen die kontrola berreskuratu eta egunez egun hobetzen jarraitu dezaten.
  • Cori aplikazioa 2021. urtearen amaieran plazaratuko da. Ordura arte, erabiltzaileek doan parte har dezakete beta publikoan.

Urte bat baino gehiagoko lanaren ostean, Chubby Apps enpresak, BIC Araba-ren babesarekin, Cori aplikazioaren beta publikoa atera du. Diabetesa duten pertsonei kontrola berreskuratzen eta egunez egun hobetzen jarraitzeko laguntza ematen dien aplikazio bat da.

COVID-19ak eragindako etxeko konfinamenduan zehar sortu zen Cori, 2020ko martxoan, Chubby Apps enpresaren sortzailekidea eta diabetikoa den Asier G. Moratoren beharrizan baten ondorioz. “Iraupen-lasterketa bat da diabetesa, non egunez egun gaixotasunaren kontrol egokia eramatea oso garrantzitsua baita. Egoera normaletan dagoeneko neketsua bada, etxeko konfinamenduak eragindako estresarekin eta sedentarismoarekin are zailagoa bihurtu zen lan hori” dio.

“Gaur egun, glukosa-maila eguneko 24 orduetan neurtzen duten sentsoreak ditugu, baina datu horiek ez dute ezertarako balio, baldin eta horiek interpretatzen ez badakigu. Une hartan, medikuak lanez gainezka zeuden pandemiari erantzun behar ziotelako, eta ez zegoen datu horiek ulertzen lagun zezakeen aplikaziorik. Orduan erabaki genuen Cori sortzea” adierazi du Asier G. Moratok.

Chubby Apps enpresan uste dugu teknologiak erreza eta irisgarria izan behar duela eta, batez ere, pertsonen bizitza hobetzeko balio behar dutela” esan du Patricia Bedoyak, enpresaren sortzailekideak. “Cori aplikazioaren bidez etorkizunera begiratzera eta hobetzera bultzatzen zaituen aplikazio bat sortu nahi dugu”.

Horretarako, Corik honako ezaugarri hauek ditu, besteak beste:

  • Tratamenduaren eguneroko bat (glukosa, jatekoak, medikazioa…), zeinari datuak gehitu diezazkiokezun glukosa neurtzeko sentsorea zure smartphone-arekin eskaneatuz.
  • Datuak modu ulergarrian bistaratzen dituzten widget-ak, zure diabetesaren garapena aztertua ahal izan dezazun.
  • Gamifikazio-sistema bat, hobetzen jarraitzera bultzatuko zaituzten helburu eta lorpenekin.
  • Hori guztira inolako gidalibururik behar izan gabe eta erabiltzailearen pribatutasuna errespetatuz.

Cori aplikazioa 2021. urtearen amaieran argitaratuko da, iPhone, iPad, Apple Watch eta Mac euskarrietan. Etorkizunean, Androidentzako bertsio bat egitea ere aurreikusi dute. Ordura arte, erabiltzaileek doan parte har dezakete Internet bidezko beta publikoan. Aldez aurretiko sarbide horren bidez, erabiltzaileek aplikazioa probatu dezakete argitaratua izan baino lehen eta berau hobetzeko iruzkinak egin ditzakete.

Chubby Apps-i buruz

Software-a garatzeko estudio bat da Chubby Apps, Asier G. Moratok eta Patricia Bedoyak 2020an sortutakoa. Gasteiztik gidalibururik behar ez duten aplikazioak sortzen dituzte, pertsonen bizitza hobetzeko asmoz. Hori guztia, ondo zaindutako diseinu batekin eta erabiltzaileen pribatutasuna errespetatuz.

Sortu zenetik hainbat aplikazio garatu ditu enpresak: SafeTimer (Covid-19aren pandemia gainditzen laguntzeko proiektu altruista bat), UBIQ eta Cori.

 

PARTEKATU