2019, Maiatza 30

Aste honetan itxiko da epea F2P Campusaren 2. ediziorako eskabideak aurkezteko, eta dagoeneko Letonia, Errusia, Malaysia, Italia eta Txinako taldeek azaldu dute parte hartzeko interesa

  • Campusa, free-to-play bideojokoen alorrean munduan egiten den lehena, Nordic Game biltzarrean aurkeztu zen joan den astean; industria horren Europako ekitaldi nagusia Malmon (Suedia) egiten da, eta 2.000 profesional inguru bildu ohi ditu urtero
  • Maiatzaren 31n amaituko da eskabideak aurkezteko epea Arabako hiriburuan uztailetik irailera bitartean egitekoa den bigarren edizioan parte hartzeko

 

F2P Campus Vitoria-Gasteiz free-to-play bideojokoak ardatz dituen munduko lehen campus-azeleratzaileak indarrez abiatu du bigarren edizioa: eskabideak aurkezteko epea amaitzeko astebete baino gutxiago falta delarik, hainbat herrialdetako taldeek adierazi dute parte hartzeko interesa. Zehazki, Letonia, Errusia, Malaysia, Ukraina, Italia eta Txinatik iritsi dira kontsultak, besteak beste. “Oraindik goiz da esateko zenbat hautagai izango dugun aurten, baina F2P Campusa sektorean gero eta ezagunagoa dela nabaritu dugu. Lehen edizioaren arrakastak, eta nazioarteko enbaxadoreek, hala nola 2018an Gasteizen izan ziren nazioarteko mentoreak eta parte hartu zuten taldeak, campusa ezagutarazten lagundu dute; izan ere,campusak badu bereizgarri handia, free-to-play bideojokoetan zentratzen baita, hau da, merkatuan hazteko potentzial handiena dutenetan”, azaldu dute ekitaldiaren zuzendarikide Jon Beltran de Heredia eta Raúl Herrerok.

 

Gasteizko Udalak, Eusko JaurlaritzakArabako Foru Aldundiak, bideojokoetan espezializatua dagoen ENTI unibertsitateak bultzatzen dute campusaren bigarren edizioa, BIC Arabaren kudeaketarekin. Free-to-play bideojoko berriak sortzen ari diren 5 profesional-talde ekarriko ditu, gehienez, Arabako hiriburura. Free-to-play deritze horietan aritzeko ordaindu beharrik ez dagoen jokoei. Apirilaren hasieran aurkeztu zenetik, antolatzaileek zenbait ekintza eta ekitaldi sustatu dituzte bideojokoen alorreko estatuko zein atzerriko industriari F2P Campus Vitoria-Gasteiz ezagutarazteko, horietako azkena Malmon (Suedia) egindako Nordic Game biltzarrean, zeina sektoreko profesionalen topaketa nagusia baita Europan —2.000 parte-hartzailetik gora—.

 

Campusaren zuzendarikideek stand bat jarri zuten bertan, nazioarteko egutegian lekua egiten ari den hitzorduaren potentziala agerrarazteko. Bartzelonan ere egin zuten aurkezpen bat, bideojokoen industriaren gune nagusia baita penintsulan, eta estatuko zein nazioarteko hainbat hautagaik hartu zuten parte. “Kataluniako hiriburuko topaketan 2018ko edizioan izan zen taldeetako batek, Garage 51 izenekoak, hartu zuen parte, zeinak campusaren benetako potentziala azaldu baitzuen, eta nola lagundu genien beren lana sustatzen; Julian Serravi ere izan zen, bigarren edizioan esku hartuko duten mentore berrietako bat. Serravi espezialista ezaguna da bideojokoen diseinuaren alorreko prestakuntza eta tutoretzan”, zehaztu du Jon Beltrán de Herediak.

 

Maiatzaren 31n eskabideak aurkezteko epea amaitzen delarik,  5 profesional-talde hautatuko dira gehienez, uztailean Gasteizko campus azeleratzailean parte hartzerik izan dezaten; bideojokoak garatzeko beharrezko diren hainbat arlotan erreferente diren nazioarteko hogei mentorek baino gehiagok emango diete aholkularitza.

 

2019ko edizioaren berritasun nagusia jende guztiarentzat irekita egongo den F2P Campus Academy formatua izango da; izan ere, horren ildotik irailean zehar hainbat jarduera antolatuko dira gazteak bideojokoen sektorera sartzea sustatzeko eta gazte horiei erakusteko zeinen zabalak diren Espainian 713 milioi euro baino gehiagofakturatzen dituen industriak eskaintzen dituen aukerak. F2P Campus Academy-ren barruan hitzaldi irekiak egingo dira sektoreko adituen eskutik, eta eta beren lehen bideojokoa sortu nahi duten gazteei zuzenduriko tailer bat ere egingo da.

PARTEKATU