Agudezia 2015: Ekintzailetzaren esperientzia Arabako Campusean
9. edizio honetan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko fakultateetako 14 lagunek 13 ekintzailetza proiektu osatu dituzte, eta Agudezia Tailerraren 2015eko edizioari amaiera eman zion jardunaldi batean aurkeztu. Tailerra UPV/EHUko Arabako Campusak antolatu du, INIZIA programaren barruan, eta A+g Consultores de Gestión, S.Coop enpresak eman du.
Agudezia 2015eko ekintzailetza proiektuak aurkezteko jardunaldian izan ziren Arantza Beitia, Arabako Campuseko Garapeneko zuzendaria, eta Maitane Txabarri eta Izaskun Ruiz de Apodaka, CEIA Arabako Eraberrikuntza Industrialdeko kideak. UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak, duela gutxi, lankidetza hitzarmen bat sinatu du erakunde horrekin, ekintzaileak sustatzeko, aholkatzeko eta laguntzeko, eta oinarri teknologikoko enpresak sortzeko campus honetan, INIZIA programaren esparruan.
Oraingo honetan, Agudeziak askotariko kolektibo bat bildu du, ezagutza arlo oso desberdinak lantzen dituena: ingeniaritza, ingurumenaren kudeaketa, jarduera fisikoaren zientziak eta enpresen administrazioa, besteak beste. Guztiak hurbildu ahal izan dira ekintzailetza esperientziara, enpresa organismo bizitzat hartzen duen beste ikuspegi batetik (BIZIKIRO, A+g-koa). Horretarako, laguntza tresna berritzaileak izan dituzte eskura; kasurako, A+g panela (Anticipación+Gestión, aitzinamendua+kudeaketa). Panel horrek negozioen garapen prozesua erraztu eta bideratzen du (kasu honetan, enbrioi fasean daudenena), bai eta enpresa kudeaketan gaitzeko eta lehenengo erabaki estrategikoak hartzeko prozesuan lagundu ere.
Tailerrean, talde lanerako dinamika desberdinak landu dituzte, proiektuen aurrerapenak aurkeztu dituzte, eta Euskadiko ekintzailetza ekosistemarekin loturiko benetako ekintzaileekin eta eragileekin harremanetan jarri dira. Gainera, enpresen kudeaketan eskarmentu handiko profesionalek banakako laguntza eman diote egitasmo bakoitzari. Horrela, ideia on bat negozio proiektu bihurtzeko prozesua jorratu dute. Ideiak ez dituzte modu teoriko hutsean zehaztu, ordea; abian jartzen hasi dira (bezero potentzialak konbentzitzen saiatuz, lankidetza posibleak abiaraziz eta hornitzaile posibleen erreakzioa aztertuz, adibidez).
Horri esker, ekintzaileek benetako erabakiak hartu ahal izan dituzte, denetariko proiektuen garapenean aurrera eginez. Hona hemen proiektuotako batzuk: hiri ortuak; kirol jarduerak eta ekitaldiak; ekofeminismoaren inguruko prestakuntza; animalientzako spa; coworking gunea; finantza produktuei buruzko prestakuntza eta aholkularitza; nutrizio aholkularitzarako zerbitzuak; mandarinak merkaturatzea; ibilgailuak inportatzea; liburuak argitaratzea; musika irakastea; jatetxe multikulturala; eta irabiaki naturalak. Beste urte batez, Agudeziak ekintzailetzaren bioaniztasunaz blaitu du Arabako Campusa.
PARTEKATU