2023, Ekaina 2

F2P Campusaren 4. edizioa hasi da Gasteizen, bideojokoaren industria Araban eta Euskadin bultzatzeko asmoz

Nazioarteko topaketa hau, free-to-play bideojokoen sektorean aitzindaria, uztailaren 17tik  irailaren 17ra arte izango da, Euneiz Unibertsitatearen egoitzan 

-Mundu osoko taldeek ekainaren 5era arte aurkeztu ahalko dute beren hautagaitza eta  proposamen onenetatik 5 aukeratuko dira 

F2P Campusak, munduko free-to-play bideojokoen lehen campus azeleratzaileak, laugarren edizioari  eman dio hasiera, Gasteizen, talde parte-hartzaileak hautatzeko prozesua irekiz. Hain zuzen ere,  horretarako epea datorren ekainaren 5ean, astelehena, amaituko da. Ekimena Arabako Foru  Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Euneiz Unibertsitateak bultzatzen dute eta sektoreko erreferentzia  gisa finkatu da. Haren asmoa da Araban eta Euskadin bideojokoaren industria sustatzea, talentua  erakartzeko eta aberastasuna sortzeko guneak izan daitezen. Ez dugu ahaztu behar sektore horrek  2021ean 1.326 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena lortu zuela Espainian eta 8.000  pertsonari baino gehiagori ematen ziela jada enplegua. Gainera, campusarekin batera, bideojokoei  buruzko Euskadiko lehen bi gradu ofizialak jarriko ditu abian Euneiz Unibertsitateak 2023-24ko ikasturtean, artistaren eta diseinuko zein programazioko profesionalen profilak eskuratzeko. 

Laugarren edizioa datorren uztailaren 17an hasiko da, Euneizko Unibertsitatearen instalazioetan,  erakunde hori bera izango baita egoitza ofiziala segidako bigarren urtean. Egun horretatik aurrera  irailaren 17ra arte, aukeratutako 5 taldeek arloari buruzko munduko aditu nagusietako baten  aholkularitzarekin garatu ahalko dituzte beren bideojoko-proiektuak, adituok uda osoan zehar  bisitatuko baitute Arabako hiriburua. Ekainaren amaieran, antolatzaileek campusean parte hartzeko  hautatutako taldeen izena ezagutaraziko dute eta proiektu bakoitzeko 4 pertsona Gasteizen egoteko  kudeaketak egingo dira. Pertsona horiek, hain zuzen, azken Demo Day egunean, irailean, aurkeztu  beharko dute egindako lan osoa. 

F2P Campusaren helburua da aurten euskal taldeen presentzia bultzatzea eta gizarte osoan  bideojokoaren kultura zabaltzen jarraitzea, sektorean talentu ekintzaile berriaren sarrera sustatzeko.  Espainiako Bideojokoen Liburu Zuriko azken datuen arabera, Euskadin estatu osoko enpresen  bolumenaren % 3,2 baino ez dago; hortaz, pisu gehien duten lurraldeetatik, hala nola Kataluniatik  (% 28) eta Madriletik (% 24), urrun dago. Kataluniako erkidegoak, gainera, herrialde osoko fakturazio bolumenaren % 50 baino gehiago dauka. 

F2P Campusa bultzatzen duten hiru erakundeek (Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta  Euneiz Unibertsitateak) oso ondo baloratzen dute ekimenaren 4 urteko ibilbidea: «apustu ausarta da,  arrakasta frogatu duena eta urtero atxikipen eta babes berriak biltzen dituena. Gasteiz, Araba eta  Euskadi bideojokoen industriaren garapen-nodo gisa posizionatzeko modu bikaina». 

Games Academy 

Aurreko edizioetan bezala, campusak arreta berezia jarriko du sektore honen potentzialtasun guztiak  hedatzeko. Horretarako, herritarrentzat irekitako zenbait jarduera antolatuko ditu Games Academy  programaren barruan. Ekimen hori laster aurkeztuko da, gazteen artean bokazio berriak sortzeko  apustua indartu ondoren, sektore horretan ia ez baitago langabeziarik eta 2024ko amaieran Espainian  10.300 enplegu baino gehiago edukitzea aurreikusten baita. 

Nazioarteko campus hori BIC Arabak koordinatuta dago, Katoid enpresaren zuzendaritzapean, eta,  gainera, Gasteizko Udalaren, Euskaltel Fundazioaren, Vital Fundazioaren eta AWS for Games  enpresaren babesletza dauka. 

PARTEKATU