F2P Campusa Gasteizera dator berriro uda honetan, berrikuntza garrantzitsuekin
F2P Campusa, hots, munduko free top lay bideojokoen lehen campus-azeleratzailea, Gasteizera itzuliko da berriro pandemiaren derrigorrezko etenaldiaren ondoren. Hirugarren edizio honek berrikuntza garrantzitsuak izango ditu, egoitza nagusia Euneizen Campus berrira lekualdatuko baitu, Salburuako Vital Kutxaren eraikinean. Edizioari dagoeneko eman zaio hasiera parte hartuko duten taldeak hautatzeko prozesuarekin, datorren ekainaren 5ean amaituko dena, hain zuzen. Hautatzen diren taldeek bertan garatuko dute euren lan eta prestakuntza osoa, uztailaren erditik irailaren amaierara bitartean, eta Bakh Baskoniaren kirol hiriaren ondoko instalazioak erabili ahalko dira otorduetarako eta aisialdirako.
Bi hilabete horietan, arabar hiriburua free-to-play bideojokoen erdigune bilakatuko da eta, aurreko urteetan bezala, sektore horretako mundu mailako aditu eta profesionalak izango dira bere aretoetan. Lehen bi edizioetako ohiko edukiari berrikuntza garrantzitsuak gehituko zaizkio aurten, esaterako blockchain teknologia, play-to-earn negozio-eredua, eta NFTak eta arte digitala. Guztiak estuki loturik daude free-to-play sektoreari, giltzarri direlarik bideojoko eredu horien garapenerako.
Azeleratzailearen berezko jarduera horrez gain, F2P Campusak indartu egingo du lurraldean bere eduki propioa eskaintzeko konpromisoa Games Academy formatuaren bidez, bideojokoaren industriako guru direnekin irekian eskainiko dituen ponentziekin eta, halaber, gazteenentzat eta euren ibilbide profesionala birbideratzeko asmotan dabiltzanentzat pentsaturiko tailer espezializatuekin. Programan tartea egongo da sektore honetan lan egin nahi dutenen orientaziorako ere. Bost tailer espezializatu burutuko dira urtean zehar.
Datorren ekainaren erdialdera emango dira ezagutzera Gasteizko F2P Campusean euren bideojoko proiektuak sustatzeko hautatu izan diren taldeak. Campus hori Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen dute, BIC Arabaren gestioarekin eta beste erakunde batzuen laguntzarekin, besteak beste Gasteizko Udalarena eta Euneiz berarena.
PARTEKATU