31 startup berritzailek 40 kontratu lortu dituzte BIND 4.0 plataformako trakzio-enpresekin 5. ediziorako
- Ekimenean murgilduta dauden trakzio-enpresek 73 herrialdetatik jaso diren 750 hautagaitzak –iaz baino % 37 gehiago– aztertu ondoren hautatu dituzte parte-hartzaileak.
- Hautatutako startupen arteanArabako 3, Inalia Innovación y Desarrollo, Eurocybcar eta Ega Solutions.
- Aurten, Internet of Things, Adimen Artifiziala, Ikuspen Artifiziala eta Big Data teknologiak gailentzen dira hautatutako proiektuetan, soluzioen % 62 izanik.
BIND 4.0 industria adimendunaren berrikuntza irekiko plataformak 31 enpresa emergente hautatu ditu urtarrilaren 25ean hasiko den bizkortze-programaren bosgarren edizioan 4.0 industriako 40 proiektu garatzeko. Zenbaki horiek egiaztatzen dute, bizi dugun osasun-egoeraren ondorioz ditugun oztopoak oztopo, teknologia eta berrikuntza lehentasuna direla industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreko enpresa nagusientzat, BIND 4.0ko startupen aldeko apustua egiten jarraitzen baitute euren lehiakortasuna hobetzeko berrikuntza eta talentua eskuratzeko modurik onena dela pentsatuta.
Azken edizio honetarako jasotako 750 hautagaitzak –iaz baino % 37 gehiago– aztertu ondoren, BIND 4.0ko 57 trakzio-enpresek industriaren zenbait aplikazio-arlotako proiektu berritzaile estrategikoenak hautatu dituzte. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ekimen publiko-pribatu hau SPRI Taldearen eta ekintzailetzaren euskal ekosistemaren UpEuskadi plataformaren bidez kudeatzen da, eta 4.0 Industriaren berrikuntza irekiaren eta bizkortzearen erreferente bihurtu da mundu osoan, egoitza Euskadin duten industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreko enpresa nagusien inplikazioari esker.
Besteak beste, Mercedes-Benz, Ferrovial Servicios, Siemens Gamesa, Iberdrola, Eroski edo Unilever enpresa handiei eta 2016an abian jarri zenetik jaso diren 2.400 bat hautagaitzei esker, bizkortze-programa honek indartu egin du Euskadiren posizioa nazioartean erreferentzia den industria-berrikuntzako ekosistema gisa. Hori dela eta, startupek BIND 4.0ren aldeko apustua egiten jarraitzen dute erreferentziako bezeroen eskutik merkatura bizkorrago iritsi ahal izateko.
Zerbaitengatik irabazi du BIND 4.0 plataformak Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioa, enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian. Sari horiek Europako Batzordeko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu, eta sarien bidez enpresak abian jartzea eta haztea sustatzen duten eta, enpresa txiki eta ertainen alde, legegintzako eta administrazioko prozedurak sinplifikatzen dituzten tokiko, eskualdeko eta nazio-mailako politika berritzaileak aitortzen dira.
Nolakoak dira 5. edizio honetan hautatu diren startupak?
Aurtengo bizkortze-programan parte hartzeko hautatu diren startupen jatorriari dagokionez, nabarmendu behar da 15 Euskadikoak direla –8 Bizkaikoak, 3 Arabakoak eta 4 Gipuzkoakoak–, beste 16 beste autonomia-erkidego batzuetakoak (besteak beste, Las Palmas, Bartzelona, Madril eta Nafarroakoak) eta gainerakoak munduko beste herrialde batzuetakoak. Hortaz, aurten hautatu diren startupen % 51 Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpokoak dira. Zehazki, nazioarteko 9 startupen jatorrizko herrialdeak Finlandia (1), Alemania (2), Israel (1), Portugal (1), Erresuma Batua (1), Italia (2) eta Suedia (1) dira.
Bosgarren edizio honetarako hautatutako startupek kalitate handiko soluzio abangoardistak aurkeztu dituzte prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko helburuarekin. Gainera, aurkeztu diren aplikazio teknologikoetako batzuk osasun-krisiaren ondorioz sortu diren premiei erantzuteko dira. Horretarako, Adimen Artifiziala, Gauzen Interneta, Ikuspen Artifiziala eta Big Data arloetako teknologia berritzaileak ezartzen dituzte, eta hautatuko proiektuen artean arlo horietakoak dira gehienak, soluzioen % 62, alegia. Aipatzekoak dira Blockchain, zibersegurtasuna eta Robotika teknologiak erabiltzen dituzten soluzio berritzaileak ere.
Zehazki, honakoak dira hautatu diren Euskadiko startupak: zibersegurtasuna eta Internet of Things teknologia ezartzen duten Arabako 3: Eurocybcar SL, Inalia Innovación y Desarrollo SL eta Ega Solutions SL; Adimen Artifiziala, Big Data, Ikuspen Artifiziala, Blockchain, Internet of Things eta Zibersegurtasuna teknologiak erabiltzen dituzten Bizkaiko 8: AOTECH, APlanet, ASIMOB, CodeContract, Grabit Retail, RKL Integral, Sticker Control eta Hodeia Digital; eta 3D Inprimaketa, Ikuspen Artifiziala, Big Data eta Bioteknologia ezartzen dituzten Gipuzkoako 4: 3R3D Technology Materials, I2U, Savvy Data Systems eta Onena Medicine.
TEKNOLOGIAK PROIEKTUZ PROIEKTU
Berrikuntza eta teknologia, aurrera jarraitzeko giltzak
BIND 4.0k hiru helburu nagusi ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ekosisteman startupen garapena bizkortzea, enpresen eraldaketa digitala sustatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ekosistema industria-ekintzailetzako hub aurreratu gisa kokatzea. Hiru helburu horiei esker erreferentziako programa bihurtu da berrikuntzaren, teknologiaren eta ekintzailetzaren aldeko apustuan. Horrela, programa 2016an abian jarri zenetik 100 startup baino gehiago bizkortu dituzte eta 170 proiektu baino gehiago garatu dituzte, eta 5 milioi euroko fakturazioa gainditu da.
Bosgarren edizio honetan, BIND 4.0k sektorearen premia eta inguruabar berrietara egokitzen jakin du, berrikuntzaren, lankidetzaren eta atzerriko talentua erakartzearen aldeko apustua egin beharra zegoela eta COVID-19ak eragin dituen erronka berriei aurre egiteko modurik onena startupak erakartzea zela ulertuta. Izan ere, egiaztatu dugu enpresek eta startupek ondo asko dakitela BIND 4.0 dela eraldaketa digitalaren arloan dituzten erronkei aurre egiten lagunduko dieten startupik onenak ezagutzeko eta kontratatzeko eta horiekin elkarreragiteko berrikuntza irekiko plataformarik onena.
Bestalde, garrantzizkoa da azpimarratzea, osasun-egoera zaila gorabehera, nazioarteko startupek BIND 4.0 plataformaren alde apustu egiten jarraitzen dutela, nazioarteko merkatuan sartzen eta erreferentziako enpresa handiekin kontratuak lortzen lagunduko dien berrikuntza irekiko plataforma gisa. Izan ere, programa amaitzen dutenean, enpresa emergenteen % 70k jarraitzen du trakzio-enpresekin lanean, eta horrek oso argi uzten du sektoreko eragile guztien arteko lankidetza-eredu honen arrakasta.
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Leyre Madariagaren ustez, “bosgarren edizio hau, zalantzarik gabe, erronka handia izango da BIND 4.0 plataforma osatzen duten guztientzat, eta parte hartuko duten startupen eta trakzio-enpresen zifrek agerian uzten dute inoiz baino garrantzitsuagoa dela eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetza gure ekonomiari hazten laguntzeko, sektore guztien eraldaketa digitala bultzatzeko eta aurrera jarraitu ahal izateko”.
* 5. edizioan parte hartuko duten startupen zerrenda
3R3D Technology Materials
4T2 Sensors
Acoustic Extra Freezing
AllRead MLT
AOTECH
APlanet
ASIMOB
BeePlanet Factory S.L.
BitMetrics
CodeContract
Dattium Technology
Eccocar
Ega Solutions S.L.
Erium GmbH
Eurocybcar
Gipstech Srl
Grabit Retail
Hodeia Digital
I2U
Inalia Innovación y Desarrollo, S.L.
Jungle
Onena Medicines
Pervasive Technologies
RKL Integral
Savvy Data Systems
Simumatik AB
Sticker Control
Subsea Mechatronics
TechMass srl
Workerbase
Yarok Microbio
BIND 4.0ri buruz
BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko/pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI taldearen eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bidez sortua. Gaur egun egoitza Euskadin duten erreferentzia globaleko 57 enpresa lider nagusirekin lankidetzan dihardu, eta teknologiaren arloko nazioarteko hainbat enpresak ere parte hartzen dute bertan, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services enpresek. Ekimena helburu bikoitzarekin sortu zen: alde batetik, industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta, bestetik, ekimen berritzaileak sendotzeko prozesua bizkortzeko enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bitartez. 2016tik, lau edizioetan, BIND 4.0 plataformak 100 startupek baino gehiagok garatu dituzten 178 proiektu bizkortu ditu guztira.
PARTEKATU