Orvium enpresa arabarra CERNeko lehenengo Spin-Off espainiarra bihurtu da
Lankidetzaren helburua honako hau da: argitalpen zientifikoen disrupzioa eta aldizkarien kudeaketa.
Orviumek beste lankidetza-hitzarmen bat iragarri du Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundearekin (Organización Europea de Investigación Nuclear – CERN), mundu osoko ikertzaileei lagunduko dien argitalpen-eredu azkarrago, bidezkoago eta gardenago bat sustatzeko asmoz.
Bi aldeek uste dute proiektu honek eragin handia izango duela komunitate zientifikoan eta jakintza erregistratzeko eta partekatzeko moduan, hala, zientziari, berrikuntzari eta gizarteari mesede eginez. Proiektuak Zenodoren teknologia baliatuko du, hau da, CERNek ostatu ematen dion Zientzia Irekiaren gordailu bat. CERNek garatutako gordailu digitalak kudeatzeko INVENIO softwarean oinarrituta dago eta Orviumi laguntza emango dio datuak biltegiratzeko eta argitalpenak kudeatzeko lanetan.
“Atsegin handiz ematen diogu ongietorria Orviumi, CERN Spin-Off enpresen parte den izango den aldetik. Ezagutza zientifikoa erraz partekatu beharra dago. Hizpide duguna bezalako proiektuek zientziaren zabalkunde bidezkoago bat errazten dute; halaber, ulermen zabalagoa lortzeko laguntza ematen dute eta gizarteari norabide egokian aurrera egiten laguntzen diote”, adierazi du Nick Ziogasek, CERN erakundeko Ezagutza Transferitzeko Bulegoko Zientzia Digitalen arduradunak.
Ikerketa ireki eta diziplina anitzeko biltegi bat dugu Zenodo, CERNek Europako Batzordearen OpenAIRE proiektuaren laguntzarekin garatutakoa eta CERNek zuzentzen eta babesten duena. Zenodok aukera ematen die ikertzaileei datuak, ikerketa-softwarea, artikuluak eta ikerketari lotutako edozein dokumentu digital argitaratzeko. Argitalpen bakoitzari identifikatzaile digital iraunkor bat (DOI) gehitzen zaio, horiek aipatzea errazagoa izan dadin.
Manuel Martinek, Orviumeko CEO eta sortzailekideak, zera adierazi du: “CERN erakundearen moduko kolaboratzaile garrantzitsu bat izateak gure plataformaren kredentzialak nabarmentzen ditu, eta are garrantzitsuagoa dena: teknologia zaharkituek eta zientziaren funtzionamenduaren inguruko susmoek menderatutako eredu zaharra hausteko beharra azpimarratzen du. Horrek beste mugarri garrantzitsu bat dakarkio gure plataformari, proiektua garatzeko fase berri eta zirraragarri baterantz aurrera egitea ahalbidetuko baitigu”.
CERNi buruz
Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundeko fisikariek eta ingeniariek munduko tresna zientifiko handienak eta konplexuenak erabiltzen dituzte naturaren oinarrizko legeak ikertzeko. CERNen misioa honako hau da: partikulen azeleragailuen sare ezin hobe bat eskaintzea, bai eta oinarrizko fisikan mundu mailako ikerketak egitea eta mundu osoko pertsonak elkartzea ere, zientziaren eta teknologiaren mugak zabalduz gu guztion onurarako. CERN erakundeko Ezagutza Transferitzeko Taldeak (Knowledge Transfer) zientzia, teknologia eta industriako adituekin harremanetan dago, CERNeko teknologia eta ezagutza teknikoak transferitzeko aukerak sortzeko.
Orviumi buruz
Orvium zientzia irekiko (open science) plataforma berri bat da, eta argitalpen akademikoen prozesua azkartzea du helburu. Hodeian dagoen irtenbide bat da (SaaS), non ikertzaileek eta herritarrek etekina aterako baitiete ikerketen emaitzei. CERNetik etorritako talde batekin, Orviumek abangoardiako hainbat teknologia erabiltzen ditu, hala nola blockchain eta adimen artifiziala, hartara, argitaletxe tradizionaletan ikerketak argitaratzeko prozesu luze eta, sarritan, garestia guztiz murrizteko. Proiektuaren helburua da emaitza zientifikoak eskuragarriagoak izatea eta, aldi berean, ikertzaileei beren lanaren eta banaketa-eskubideen gaineko kontrol handiagoa ematea.
PARTEKATU