2019, Uztaila 18

Gasteizek bigarren urtez jarraian hartuko du F2P Campus, free-to-play bideojokoen munduko campus bakarra

Bost herrialdetako taldeek parte hartuko dute eta nazioarteko hogei adituk esku hartuko dute, espainian dagoeneko urtean 1.530 milioi euro fakturatzen dituen sektore baten ordezkari gisa

 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak F2P Campus Vitoria-Gasteiz aurkeztu dute gaur, free-to-play bideojokoen munduko campus-azeleratzaile bakarra, aurten bigarren edizioa betetzen duena. Lehen edizioaren arrakasta ikusirik, datozen bi hilabeteetan Artium Arte Garaikideko Euskal Museoak hartuko du topaketa. Sektoreko nazioarteko adituetako batzuk ekarriko ditu ekimenak Euskadiko hiriburura, eta aipatzekoa da sektore horrek Espainian

dagoeneko urtean 1.530 eurotik gora fakturatzen dituela, eta 6.000 pertsonari baino gehiagori lana ematen diela. 11 herrialdetako 19 hautagaietatik hautatutako 5 taldek, Kanadako, Finlandiako, Errusiako, Serbiako eta Espainiako talde banak, beren bideojoko-proiektuak garatuko dituzte, aditu horien eskutik eta Jon Beltrán de Heredia eta Raúl Herrero zuzendarikideen zuzendaritzapean, azken bi horiek, besteak beste, Commandos bideojoko garrantzitsuaren sorkuntzan parte hartu dutelarik. “Gure ustez, horrelako ekitaldi bati esker, Gasteiz eta Euskadi erreferentziak dira jada bideojokoen industrian oro har eta free-to-play sektorean (jokatzeko ordaindu beharra eskatzen ez duten bideojokoak) bereziki. Hori oso garrantzitsua da, etengabe hedatzen ari den jarduera ekonomikoko nitxo bat den heinean. Izan ere, AEVI Bideojokoen Espainiako Elkartearen azterlanen arabera, 2021erako Espainia osoan 12.000 pertsona egongo dira sektore horretan lanean. Iturri horien arabera, Euskadin gaur egun Espainiako industriaren guztizkoaren % 5etik gora fakturatzen da jada, beste erkidego batzuen atzetik (Katalunia eta Madril daude buruan, alde handiarekin, eta jarraian, atzerago, Valentzia eta Andaluzia)”, Arabako campusaren antolamenduko arduradunek adierazi dutenez.

Bere aldetik, Ramiro González, Arabako diputatu nagusiak azpimarratu du bideo-jokoen arloan diharduten gazteen talentua sustatu beharra dagoela eta F2P Campus bezalako ekimen berritzaileak eredugarriak direla prestakuntza eta negozio arlo horretan “Araba munduan jartzen dutelako”.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sormenari lotutako arloak bultzatzeak duen garrantzia nabarmendu du: “Kultura eta Sormen Industrien sustapenaren ikuspegitik abiatuta, Euskadiko erakundeetatik ahalegin bat egiten ari gara kulturaren mugetan egon diren sormenari lotutako arloak bultzatzeko. Diseinuaz, modaz, hizkuntzaren industriaz edota bideo-jokoez ari gara. F2P Campusa horren adibide da. Gainera, bideo-jokoen arloak garrantzi berezia dauka, beste kultur arloetan eragiten baitu. Bideo-jokoak egiteko irudigileak, diseinatzaileak, musikariak edota gidoilariak behar dira”.

Alkateak kanpusaren lehenengo edizioaren arrakasta ospatu du. “Orain bigarren edizioa egingo dugu. Ziur gaude kulturaren arloko industriaren eskutik datorrela etorkizuna, enplegua sortzeko eta ekonomia dinamizatzera begira. Gasteizen ekimen hau egitean mundu mailan sektore honek bere begirada gure hirian jartzea lortzen dugu. Horrela gure burua ezagutzera ematen dugu Europako superhiri erreferente bezala. Bide batez, kanpoko talentua erakartzen dugu eta bertakoa iere ndartzen dugu. Gasteiz bideojokoen egileentzat aukera-gune bezala kontsolidatu nahi dugu. Gainera, F2P Kanpus delakoan parte hartu zuten taldeetatik bat gure hirian geratu da lan egiten”, azalea du Gorka Urtaranek.

Red Meat Games (Kanada), Tuokio (Finlandia), Unnyhog (Errusia), PWNRS (Serbia) eta Evil Zeppelin (Bartzelona) dira gaur beren bideojoko-proiektuak aurkeztu eta F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusean garatu behar dituzten 5 taldeen izenak. Guztira 11 herrialdetako 19 taldek hartu dute parte hautaketa-prozesu zailean, eta horiexek dira irabazle atera direnak. “Aurten kalitate handiagoa izan da lehen edizioan baino, eta azken erabakia hartzeko lehia ere estuagoa izan da. Finlandiako eta Kanadako zenbait hautagai izan ditugu aurten, eta guretzat hori topaketa honek nazioarte-mailan urtebete eskasean lortu duen arrakastaren adierazgarri da, kontuan hartuta herrialde horiek erreferentziazkoak direla bideojokoen diseinuaren alorrean”, adierazi dute Gasteizko campuseko zuzendarikideek. Gainera, edizio honetan bi talde gehiagok parte hartuko dute saio batzuetan. Batetik, Hunters of Magic taldea dugu, Bilbokoak, eta bestetik, Danimarkako beste talde bat. Hautagaitzarik ez zuten aurkezterik izan

bi talde horiek, 2 hilabeteetan Gasteizen egoteko aukerarik ez zutelako, baina gastuak beren kontura ordainduz bertaratuko dira saio batzuetara, mentoreen kalitatea tarteko.

Ekitaldi gehiago herritarrekin eta sinergia gehiago beste toki-ekimen batzuekin

F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusak ekitaldi-agenda estua izango du, datorren irailaren 26an azken Demo Day-arekin amaitu arte. Hasi, uztailaren 23an hasiko da, asteartearekin, hitzordu bikoitz baten eskutik. Goizean, Araba Ekinean ekimenarekin elkarlanean, Ekin Breakfast bat izango da, bideojokoen sektorean ekiteko moduaz hitz egiteko; Campuseko zuzendarikideek parte hartuko dute, eta, besteak beste, Euskadin kokatutako bi proiekturen adibideak jarriko dituzte. Batetik, Hypeful Malagako taldea izango dugu, campusaren lehen edizioan parte hartu zuten taldeetako bat, urte-hasieratik egoitza Gasteizera aldatu zutenak eta dagoeneko Erdi Aroko hiriguneko enpresen udal-haztegian lanean ari direnak. Bestetik, Hunters of Magic Bilboko enpresa ere izango da gurekin.

Euren arduradunek bertaratzen direnekin partekatuko dute bideojokoen merkatuaz duten ikuspegia, kontuan hartuta merkatu horrek dagoeneko nabarmen gainditu duela zinemaren eta ikus-entzunezko aisialdiko beste alternatiben merkatua. Hitzordua goizeko 09:30ean izango da Villasuso Jauregian, eta jende guztiarentzat irekia izango da; bertaratu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik, Araba Ekinean ekimenaren webgunean: www.alavaemprende.com. Arratsaldean, lehen hitzaldi irekia izango da. Hitzaldi irekiak campusaren iraunaldi osoan barrena antolatuko dira, campusera mentore gisa datozen estatuko eta nazioarteko adituen eskutik. Oraingo honetan Sven Liebich izango da gonbidatua, Arteko lehendakariordea dena Social Point sektoreko enpresa nagusietako batean. Liebich sorkuntza-zuzendaria da, eta 1997az geroztik The Settlers edo Lord of Ultima eta sektorean oso ezagunak diren beste bideojoko batzuk sortzeko prozesuan parte hartu du. Uztailean, abuztuan eta irailean, hitzaldi ireki horiek Dendarabako Luis de Ajuria aretoan eta Sokaren Etxean egingo dira, ospe handiko pertsonen parte-hartzearekin, hala nola Stephane Assadourian edo Eugene Yailenko, Arabako hiriburuan bueltan dauzkagunak iaz ere gurean izan baitziren campuseko parte-hartzaileekin beren ezagutza partekatuz. Lehena Assassins´ Creed saga ospetsuaren sortzaileetako bat da, eta bigarrena, berriz, C.A.T.S., King of Thieves, Cut the Rope 2 eta beste bideojoko batzuen diseinugile burua izan zenMentore berrien artean beste aditu batzuk dauzkagu, esaterako Gerard Fernández Omnidroneko CEO eta fundatzailea, edo Carlos Coronado indie garatzailea.

Bigarren edizio honetan parte hartzen dutenek marketinez ikasteko aukera izango dute, halaber, Tilting Point editore amerikar garrantzitsuaren eskutik, urtean 100 milioi dolarretik gorako funtsa daukana plataformetan bideojokoak sustatzeko. “Marketina gabezia handienetako bat da talde hasiberrien artean, eta beraz alderdi hori laguntza handikoa izango da produktuak mundura zabaltzen lagunduko dien heinean”, Jon Beltrán de Herediak adierazi duenez.

Azkenik, Iñaki Amurrio arabarrak ere parte hartuko du F2P Campusean. Zeppelin TVko animazioko burua eta Katsulako zuzendaria da, eta, horrenbestez, Laura Gallego idazlearen “Memorias de Idhun” ipuinean oinarrituta 2020an Neflixek estreinatuko duen animazio-sailaren arduraduna. “Guretzat garrantzi handikoa da toki-industriaren eta campusaren artean sinergiak sortzea, lankidetza horietatik ekimen edo proiektu berriak sor daitezkeelako, animazioa funtsezkoa baita bideojoko bat abiarazteko prozesuan”, Raúl Herrerok azpimarratu duenez.

F2P Campus Academy

Alabaina, F2P Campus Vitoria-Gasteiz campusaren bigarren edizioaren berritasun nagusia F2P Campus Academy izango da. Ideia sortu da gazteen artean bideojokoen industriarekin bat egin nahi duten bokazio berriak sortzeko asmoarekin, hainbat alorretan profil espezializatuen premia handituz doala kontuan hartuta. Jende guztiarentzat irekitako tailer horretara bertaratzen direnek beren lehen bideojokoa garatu ahalko dute, aldez aurretik inolako ezagutzarik ez badute ere. Tailerra datorren irailaren 21ean egingo da Sokaren Etxean, baina lehenago, uztailaren 25ean, lehen tailer pilotu bat egingo da, Euskaltel Fundazioak antolatutako Euskal Encounterraren esparruan.

F2P Campus Vitoria-Gasteiz Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako eta BIC Arabak koordinatutako ekimena da. Edizio honetarako babesle pribatu garrantzitsuak ere izango ditu, hala nola Euskaltel Fundazioa, Vital Fundazioa, ENTI Bartzelonako Unibertsitateari atxikitako bideojokoen Unibertsitate Eskola edo Amazon, besteak beste.

PARTEKATU