2018, Ekaina 26

Dryfing proiektuak Explorer Araba programaren lehen saria lortu du

Proiektuaren sustatzailea, Naia Espinosa, Silicon Valley-ra joango da eta sari nazionala lor dezake

Dryfing proiektua Naia Espinosa arabar gazteak egin du eta Arabako Explorer Programaren irabazlea izan da. Ekimena CISEk (Centro Internacional Santander Emprendimiento – Ekimenerako Nazioarteko Santander Zentroa) bultzatu du eta Espainiako 53 zentrotan garatzen da, besteak beste Araba Explorer Space zentroan. Lurralde honetan BIC Arabak, Arabako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentroak, koordinatzen du, SPRI taldearen laguntzaz.

Programa hori lehen Yuzz izenarekin ezagutzen zenaren bilakaera da. BIC Arabak oinarri teknologikodun ideia berritzaileak dituzten hamar proiektu hautatu zituen. Bost hilabetez, urtarriletik maiatzera, ekintzaileek laguntza, prestakuntza eta aholkularitza jaso dute negozio-planen eginkizunean esperientzia duten BIC Arabako eta SECOTeko teknikarien aldetik.

Explorer Arabaren lehen saria bidaia bat da Silicon Valley-ra –berrikuntza-ekosistemarik handiena munduan–, eta hurrengo azaroan izango da, Espainiako gainerako zentroetako irabazleekin batera. Esperientzia horren helburua da gazte ekintzaileak inspiratzea eta prestatzea beren startup-ak azkarrago garatzeko. Horretarako, konexioak emango zaizkie beren proiektuak nazioartekotzeko eta finantzazioa bilatzeko.

San Frantziskon eta inguruan garatuko den agenda horrek barne hartzen ditu masterclass-ak ospe handiko unibertsitateetan, adibidez, Berkeley edo Standford-en, bilerak inbertsiogileekin eta bisitak teknologiaren alorreko puntako enpresetara, hala nola Google, Facebook, LinkedIn edo Airnbnb-ra. Amerikako Estatu Batuetara itzultzean, 53 proiektuak aurkeztuko dituzte egileek 2018 Explorer Programaren erakunde laguntzaileetako ordezkariz osatutako epaimahai baten aurrean. Hiru ekintzailerik onenek zuzkidura ekonomikoa jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 euro) beren proiektuak azkartzeko.

Arabako proposamenik onenak

Dryfing ideiaren oinarria da sistema bat diseinatzea eta fabrikatzea, kirola egin ostean, neoprenoak azkar lehortzeko, garbitzeko eta desinfektatzeko. Haren ekintzailea, Naia Espinosa, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko –Marketin espezialitateko– bigarren ikasturteko ikasle gazte arabarra da EHUn. Proiektua sortu da ekintzaileak surfa gustuko duelako. Explorer Araba programan aritu ostean, ingeniaritza-talde batekin lanean hasi da sistema horren lehen prototipoa sortzeko xedez.

Arabako Explorer Zentroak beste bi ekimen hautatu ditu, irabazlearekin batera sari osagarri bat jasoko dutenak. Sari hori izango da sei hilez doako gune bat erabilgarri izatea BIC Araban, bai eta proiektuak garatzeko aholkularitza espezializatua jasotzea ere.

Hala, bigarren tokian Zarate-Mateo Algorithmic Systems proiektua geratu da. Eriz González de Záratek eta Alain Mateok egin dute, eta haren oinarria da inbertsioko algoritmo-sistemak alokatzea. Sistema horiek agindu-fluxuaren eta azterketa estatistikoen mikro-egituran oinarritzen dira, eta adimen artifizialeko metodologiak eta datuen analisi kuantitatiboa gehitzen dute.

Hirugarren saria Ainhoa Martínezek egindako Global proiektuak jaso du. Startup teknologiko horrek datu-base estrategikoak sortzen ditu, enpresen ekonomiaren garapenari laguntzeko. Hain zuzen ere, Ainhoa Martínez ekintzailea hautatua izan da Woman Explorer sari nazionalerako hautagaien artean. Sari hori EY Fundazioak sustatzen du, eta proiektua finantzatu eta azkartzeko 20.000 €-ko balioa du.

Ane Ramosen eta Rubén Visoren All Terrain System Viso proiektuak -anputatuak izan diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko sistema bat garatzekoa- Disruptive Technology Explorer Award sariaren hautagai izango da. Sari hori Indrak sustatzen du eta 3.000 eurokoa da. Horrez gain, Indraventuresek emandako laguntza- eta aholkularitza-programa bat emango du.

PARTEKATU