Pepe Barreirak, Meteo For Energy-k eta Pilar Redondok irabazi dituzte Araba Ekinean Sariak 2018
Ekin Day delakoa, Araba Ekinean ekitaldiko jardunaldi nagusia, gaur izan da, arlo horretan esanguratsuenak izan diren pertsonei urtero-urtero ematen zaizkien sariak banatzeko eguna. Pepe Barreira enpresari ezaguna izan da Ekintzaile Handia Sariaren irabazlea, eta Meteo for Energy konpainiak irabazi du, berriz, Amaia Ochoa-Orbeak eta Ibon Salbidegotiak sortutako enpresak, Ekin Araban saria, lurraldean nabarmentzen ari diren proiektu berriei ematen zaiena. Aurten, lehenbiziko aldiz, sari berezi bat eman zaio Pilar Redondori, SECOT Arabako lehendakari ohiari, ekintzailetzari babes ematen egindako ibilbide apartarengatik. Aintzat hartzeko sariak emateko ekitaldian Pilar García de Salazar diputatu nagusiordea izan da buru, Peio López de Munain Gasteizko Udaleko alkateordearekin eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendari eta BIC Arabako presidenterekin batera.
Pepe Barreirak, Orensen jaio zen arren, Araban egin du bere ekintzaile bizimodu guztia, urte batzuez Alemanian lan egin ostean. Gasteizen hasi zen ostalaritzaren sektorean eta garraioaren sektorean aldi berean lanean. Hotelak, jatetxeak, garraio enpresak, logistika eta energia berriztagarrietakoak dira haren ekintzaile senaren adibide batzuk. SEA Arabako enpresarien elkarteko ostalaritza ataleko presidente izan da, eta beti jardun da gazteei adore ematen, ez diezaioten beldurrik izan ekiteari.
Beste alde batetik, Amaia Acha-Orbeak eta Ibon Salbidegoitiak, Ekin Araban sariaren irabazleek, Meteo for Energy sortu zuten duela 5 urte, zehaztasunezko metereologia zerbitzuak ematen dituen enpresa, energia berriztagarrietan eraginkortasun energetikoa optimizatzeko eta hobetzeko. Inteligentzia artifizialezko algoritmo propioak eraikitzen dituzte, ondoren iragarpen metereologikoak egiteko aplikatzen direnak. Gaur egun, munduko liderrak dira eguzki energia termikoko instalazioetan, eta haize energiaren eta energia fotovoltaikoaren arloetan ere ari dira lanean. Halaber, dibertsifikatu egin dituzte beren zerbitzuak, eta jarduera berri bati ekin, zeinak Bigda Solutions baitu izena, algoritmoekin batera Big Data teknikak baliatuz beste sektore batzuetan, hala nola 4.0. industrian. Bide laburra egin duten arren, dagoeneko irabazi dituzte beste sari batzuk ere, Banc Sabadellena edo Ajebaskena, esate baterako.
Oraingo aldi honetan, Araba Ekinean antolatzen duten erakundeek, alegia, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, BIC Arabaren bitartez, sari berezi bat eman diote Pilar Redondori, SECOT Arabaren presidente ohiari, Arabako pertsona ekintzaileei etengabe adierazi izan dien laguntzagatik, lehenik Jesús Obreroko irakasle eta zuzendari gisa bete zuen lanaren bitartez eta, gero, senior profesionalen elkarte horretatik, proiektu eta ideia berriei buruzko aholkua emanez. Redondok, halaber, Araba Ekinean sarien aldi gehienetan parte hartu izan du, ideia lehiaketako epaimahaiko kide izanez.
“Zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. aldia.
Ekitaldi horretan bertan entregatu zaizkie sariak “zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. aldiko kategoria guztietako proposamenei. Biosentsoreak Lagundu ID izan da proiektu irabazlea Berrikuntza eta Teknologia kategorian. Ideia hau Edilberto Ojedak, Fernando Benitok, Francisco Jesús Aloak, María Lourdes Basabek, Aitor Iriondok eta Unai Pagaldayk aurkeztu zuten; biosentsore adimendun batzuk garatzean datza, biosentsoreak eta mikrojariozko sistema batzuk integratuz unean bertan analizatzeko gorputzaren egoera fisikoa.
Aukeraren kategorian Idoia Garaizabal izan da irabazlea, Etermal proiektuarekin, zeinaren bidez oinarri termalarekiko produktuak garatzen baitira Kuartangoko antzinako iturburuko ur mineral-sendagarriekin (Kuartango, Araba). Keep Tick, Nahikari Martínez, Jon Oyanguren, Elisabeth Vilana eta Arnaud Cocaren proiektua izan da proposamen irabazlea ideien kategorian, ordainagirik eta erreziboak gordetzeko aukera ematen duen wallet digital batekin. Jasangarritasunaren saria Bizia proiektuarentzat izan da, zeina Nerea Alonsok eta Roberto Pérez de Arriluceak garatutako proiektu bat baita, 2. bizitza bat bilatzen duena bizikleta osagaientzat.
Aldi honetan, sari bat izan da, halaber, lanbide heziketako ikasleek sortutako enpresen ferian aurkeztutako ideientzat, eta 0 gravityrentzat izan da, zeina Lorena Maestrok aurkeztutako proiektu bat baita, bakoitzarentzat egokitutako entrenamenduetan eta gorputzaren kontrolerako jardueretan espezializatutako kirol zentro bat garatzeko. Azkenik, publikoaren saria Dryfing-entzat izan da, ekologikoki neoprenoak azkar lehortzeko Naia Espinosaren proiektuarentzat.
Ekin Day ekitaldian, halaber, pertsona ekintzaileen kasu eredugarriek ere parte hartu dute, hala nola Enrique Arrillagak, zeinek Lufe Muebles sortu baitzuen, “Euskal Ikea” deitu izan zaiona; Julia Salsasek, zeinek Las Consentidas proiektua sortu baitzuen, emakumearen jabekuntzarako ekimen bat, eta Aitor Francesena “el gallok” ere bai, itsuentzako munduko surf txapelketako txapeldunak. Gainera, enpresa handiek ere, hala nola Euskaltelek, Michelinek eta RPK-k, ekintzaileei laguntzeko beren proiektuen berri eman dute.
Arratsaldeko saioa B2B topaketa batekin hasi da, ekintzalieak eta laguntza eta finantzaketa entitateak bildu bilduz. Zehazki, dozenaka topaketa egin dira, komunitatea egin nahirik ekintzailetzaren inguruan.
PARTEKATU