Arabako I+Med S. Coop. enpresak irabazi ditu Euskadiko EmprendedorXXI Sariak
Arabako I+Med S. Coop enpresak irabazi ditu Euskadiko EmprendedorXXI Sariak. CaixaBank-ek, Caixa Capital Risc kapital arrisku kudeatzailearen bitartez, bultzatzen duen eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak ere, Enisaren bitartez, ematen duen saria bere hamaikagarren ediziora heldu da. Helburua, hazkunderako potentzial gehien duten enpresa berritzaileak aintzatestea eta laguntzea da. Euskadin SPRI taldeak ere hartzen du parte erakunde antolatzaile gisa, BIC Bizkaia Ezkerraldearen bitartez.
Irabazle izateagatik, i+Med S. Coopek 5.000 euroko zuzkidura ekonomikoa eta Cambridgeko Unibertsitatearen (Erresuma Batua) enpresa hazkunderako nazioarteko Ignite Fast Track ikastaroan parte hartzeko beka jaso ditu. i+Med S. Coop oinarri teknologikoa duen biomedikuntzaren alorreko enpresa berritzaileak, balio erantsi handiko nanohidrogeleak ikertzen, garatzen eta merkaturatzen ditu farmakoen, bitaminen, hazkunderako faktoreen eta beste konposatu aktibo interesgarri batzuen liberazio kontrolaturako, Onkologiaren, Oftalmologiaren, Traumatologiaren eta Kardiologiaren alorretan, besteak beste.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Juan Pedro Badiola CaixaBanken Euskadiko eta Kantabriako lurralde zuzendaria eta Oscar Vía Enisako idazkari nagusia, izan dira sariak banatzeko ekitaldiaren buru BIC Bizkaia Ezkerraldeak Barakaldon dituen instalazioetan.
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da, Javier Luxorren “Liderar(t) para crecer” hitzaldiarekin. Luxor aditua da Eraginean, Pertsuasioan, Mentalismoan, Intuizioan eta Pentsamenduaren Kudeaketan; hizlaria eta prestatzailea da, baina mundu osoko mentalista korporatibo hoberenetakoa izateagatik da ezaguna. Nazioarteko hainbat sari lortu ditu.
Edizio honetan, Euskadin 27 enpresak hartu dute parte, eta zazpi izan dira finalera heldu direnak.
Arabako beste finalista, ere BIC Araban kokatuta, Globetesting Norte, S.L. izan da, software probatan eta sistemen monitorizazioan espezializatutako zerbitzu konpainia da. Jarduera, aplikazioek errorerik gabe eta beharren araberako abiadurarekin funtzionatzen dutela ziurtatzean zentratzen da, datuak seguru eta une oro erabilgarri daudela bermatuz.
Lehen saria lortu ez duten beste 5 finalistak hauek izan dira:
Asparia Glycomics (Donostia), proteina terapeutikoetan eta bioantzekoetan glikosilazioaren kuantifikaziorako produktuen garapenean eta merkaturatzean lan egiten duen enpresa bioteknologikoa da. Faktore horrek farmakoaren zenbait ezaugarri zehazten ditu, haren segurtasuna edo jarduera biologiko eraginkorra, besteak beste.
Bugaloop (Bilbo), autoa eta motoa gidatzeko baimenak online prestatzeko beharrezkoak diren elementu guztiak biltzen dituen lehenengo online plataforma. Nazio mailako gidaritza klase praktikoen bilatzailea eta konparatzailea da, azterketa teorikoa online prestatzeko plataforma adimentsua izateaz gain.
Differengin, S.L.U. (Barakaldo, Bizkaia), gauzen internetean espezializatutako ingeniaritza enpresa da, bere bezeroen produktuak elkarren artean lotzeko eta haiei adimena eta prestazio gehiago emateko xedez.
HWS Concrete Towers, S.L. (Donostia), “wind energy” sektorean aurretik fabrikatutako hormigoia sartzea bilatzen duen enpresa, hasiera batean dorreetan eta, horren ondorioz, muntaketa prozedura berritzaileetan, garabi tradizional garestiak eta urriak saihestuz.
Oreka Training, S.L. (Oiartzun, Gipuzkoa), indoor txirrindularitzan aritzeko patentatutako sistema berri baten diseinuan eta merkaturatzean lan egiten duen enpresa, pedalei benetan eragiteko sentsazioarekin, simulazio birtual sistemekin bateragarria.
EmprendedorXXI Sariak jardueran hiru urte baino gutxiago daramatzaten eta berrikuntza maila altua duten negozioetara daude zuzenduta, eta lurralde osotik etorritako enpresen partaidetza altua dute. Ekimenak, Espainian finantza sektoreko bulego sare komertzial nagusia duen CaixaBank-en, Enisaren eta ekonomiaren sustapenean eta ekintzaileei eman beharreko laguntzan espezializatutako autonomia eta toki mailako erakundeen laguntza du. 2017ko edizio honetan, lurralde mailako 135 erakundek eman diote laguntza antolakuntzari.
Berrikuntza gisa, deialdia Portugalera ere zabaldu da aurten lehen aldiz, joan den otsailean CaixaBank-ek BPIren kontrola hartu eta gero.
Lurralde eta sektore bakoitzeko hoberenentzako sariak
Edizio honetan 19 sari banatuko zaizkie euren jatorrizko gunean eragin gehien duten enpresei: 17 Espainian (bat Autonomia Erkidego bakoitzean) eta 2 Portugalen (iparralde-erdialdea eta Lisboa-hegoaldea eta uharteak).
Horrez gain, sektoreka banatutako bost sari nagusi emango dira: Bizitzaren Zientziak, Informazioaren Teknologiak, Negozio Digitalak, Teknologia Industrialak eta Nekazaritza-elikadura. Kategoria horietako saridunek 25.000 euro eta Singularity University izenekoarekin eta negozio eskola ospetsu batekin lankidetzan antolatutako hazkunderako nazioarteko programarako sarbidea lortuko dute.
Beste alde batetik, Israelek Espainian duen Enbaxadak berrikuntzarako accesit bat emango du. Saria, Tel Aviv-Yafo Akademia Zentroak antolatutako astebeteko prestakuntza izango da Israelen, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioarekin lankidetzan.
Guztira, 2017ko deialdiak 490.000 euro inguru banatuko ditu sarietan, eta hori dela eta, EmprendedorXXI Sariak, Espainian eta Portugalen zuzkidura ekonomiko handiena duen ekintzaileentzako deialdietako bat dira.
Erreferentziazko sariak ekintzailetzan
EmprendedorXXI Sariak erreferentziazko saria dira Espainiako startup-entzat, eta oso ekimen garrantzitsua, herrialdeko ekintzailetza egitasmo hoberenak bultzatzeko.
2007an sortu zenetik, ekimenak 4,3 milioi euro inbertitu ditu sarietan eta laguntasun kanpainetan, eta 289 enpresak jaso dituzte horien onurak.
Zehatzago esanez, 2,5 milioi euro banatu dira eskudiruzko sarietan, eta 1,8 milioi euro nazioarteko prestakuntza eta networking ekintzetan.
Historian zehar, 5.911 enpresa sortu berrik hartu dute parte EmprendedorXXI Sarietan, eta 257 enpresari, inbertitzaile eta ekintzailetzarekin erlazionatutako erakundeetako ordezkari baino gehiagok hartu dute parte batzordeetan eta epaimahaietan.
PARTEKATU