2017, Ekaina 5

Aztes enpresak Arabako Aldundiarentzat eta Vitoria-Gasteizko Udalarentzat garatu du InfoRecikla, hots, Arabako hondakinen sailkapena eta birziklatzea hobetzeko nahiz horri buruz kontzientziatzeko xedearekin egindako aplikazioa eta webgunea.

InfoRecikla.eus izeneko app berriak —webgunea dauka ere bai— etxeko hondakinen bereizketa egiteko dauzkagun zalantzak argituko ditu; halaber, garbiguneetara, puntu berde mugikorretara eta berrerabilerarako edukiontzietara dagoen biderik laburrena erakutsiko du.
 
Arabako Foru Aldundiak birziklatzearen alde kontzientziatu, prestatu eta informatzeko nahiz etxeko hondakinen bereizketa hobetzeko balioko duen tresna digital berria aurkeztu du gaur goizean. InfoRecikla.eus  aplikazioak bi bertsio izango ditu: telefono mugikorrentzako app-a eta ordenagailuentzako webgunea. Erabilerraza da eta erabiltzaileei hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar den jakitea ahalbidetuko die.
 
Halaber, tresna digital berriak hondakinen bereizketa eta sailkapena erraztuko ditu; izan ere, argituko du hondakin bakoitzarekin zer egin behar den eta non bota behar den. Zalantzak argitzeaz gain, puntu berde mugikorraren ordutegia adieraziko du eta garbiguneetara nahiz berrerabilerarako edukiontzi zurietara joateko dagoen biderik laburrena zehaztuko du, gailu elektronikoaren kokapenaren arabera.
 
Josean Galera, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru-diputatua, hizpide dugun tresnaren aurkezpenera joan da, eta hondakinen kontsumoa hobeto eta gehiago murriztera, berrerabiltzera eta birziklatzera animatu ditu herritarrak. 

PARTEKATU