2015, Iraila 23

Airestudio, Konektik eta Quibu enpresek parte hartuko dute Vitoria-Gasteizko Udalaren “Laborategi hiria” programan

 

Proiektu hauek onartu dituzte “Vitoria-Gaseiz, Laborategi Hiria” programan sartzeko. Programaren bidez, teknologia-proiektu bat duten eta benetako ingurunean proiektuaren funtzionamendu praktikoa erakutsi nahi duten enpresen esku egongo da hiria. Ekimen publiko-pribatua bultzatzea, I+G+b saritzea, enpresei produktuak testatzeko aukera erraztea, kalean euren burua ezagutaraz dezaten lortzea eta Vitoria-Gasteizen euren berrikuntzak probatu nahi dituzten beste toki bateko enpresak erakartzea dira ekimenaren helburuak.

Ondokoak dira proiektuak:

“Vitoria-Gasteizko eraztun berdeko parkeetan ingurumen-zaintzarako sare bat sortzea” Airestudio Geoinformación Technologies, s. koop. enpresa) – Proiektu honen bidez, aldian-aldian eremuko landaretzaren argazkiak egingo dira zenbait kamara multiespektralen bidez eta puntu finko batzuetan; horri esker, landareek egindako fotosintesiari buruzko informazioa izango dugu eta, hortaz, baita egoerari buruzko informazioa ere. Datu horiek, dronen hegaldien bidez kamera berberekin lortutako irudiekin alderatuko dira. Teledetekzio teknika horrek END edo saiakuntza ez-suntsitzaile izena du, aztertutako eremuan antzeman ezin den kaltea sortzen, edo kalterik sortzen ez duelako. Salburuko hezeguneetan egingo da azterketa.

“Gertutako bilagailua” (Konektic Smart Innovation, SL enpresa) – Gertutasun bidezko bilagailua probatuko da ikusteko desgaitasuna edo adimen-desgaitasuna duten pertsonei zerbitzuetara edo eremuetara iristeko aukera emateko. Egun diren irisgarritasun-mugak kentzea du helburu proiektuak, herritar guztiek aukera berberak izan ditzaten hirian moldatzeko.

Sistema horren arabera, zenbait baliza txiki jarriko dira, horiek etengabe bluetooth seinalea emango dute, eta gailu mugikorren bidez (smartphone, tablet…) non gauden zehaztuko dute eta horren arabera jokatu ahal izango dugu. Balizak txiki-txikiak direnez, hiri-altzarietan jar daitezke eta ia-ia ez dira ikusiko. Andre Maria Zuriaren plazan, Goiuri Jauregian eta autobus-geltokian egingo dira sistemaren probak.
Epea: zortzi hilabete

“Ikuskizunak eta jarduerak kudeatu eta komunikatzeko aplikazio mugikor bat testatzea” (Quibu Networks enpresa) – Proiektuak hiria probak egiteko eremu moduan erabiliko du, ondoko smarthpone aplikazioa probatzeko, besteak beste: ikuskizunera bertaratu diren pertsonen esperientzia maximizatzeko aukera emango diena antolatzaileei; horretarako, zerbitzuari buruzko zenbait informazio jasoko ditu. Aplikazioaren lehen proba Magiako Nazioarteko Jaialdian egingo da (Magialdia).

PARTEKATU