Ikerketa-zentroa garen aldetik gure helburuetako bat da inguruan aberastasuna sortzea teknologi oinarriko enpresak sortuz. Ildo horretan, BIC Arabaren babesa ezinbestekoa izan da gure BCARE pin-offa sortzeko. BIC Arabaren taldearekin etorkizuneko enpresak sortzeko lankidetzan jarraitzea espero dugu.
Asmatu egin dugu bulegoa BICen izatean. Beste startup batzuekin den lankidetza giroaz gain, eskerturik gaude BIC Arabako taldearen hurbiltasun eta engaiamenduari. Bere laguntza, uste genuen baino gehiago emanez beti, gakoa izan da abentura honekin aurrera jarraitu ahal izateko. Milesker!
BIC Arabak duen onena bere profesional taldea da. Ezin hobeto ezagutzen dute enpresa-proiektu bat abiarazteak zer esan nahi duen eta proiektuak egiten ditugunok eta enpresen inguruko giroak nolako beharrak dituzten. Enpresa sortu genuenetik beti egon dira laguntzeko prest, gauzak erraztearren, informazioa, kontaktuak eta babesa geure eskura jarriz.
Bic Arabako taldea izan zen lehena gure proiektua babesten, eurak gabe nekez abiarazi ahal izango genuen. Eurek guztiek arlo profesionalean emandako laguntza baina, batez ere, arlo pertsonalean eskainitako hurbiltasuna nahitaezkoak izan ziren lehen etapa horretan.
Funtsezko laguntza izan dira proiektua eurekin abiarazi genuenetik, esperientziak eta ezagutzak partekatuta. Noiznahi jaso izan dugu laguntza enpresa gisa hazten joateko.
Meteo for Energy-rentzat gakoa izan da Bic Araban egotea, eta Europako proiektuetan sartzeko aukera eman digu.Laguntza handia jaso izan dugu BIC Arabaren aldetik diru-laguntzak jasotzeko eta azelerazio programetan parte hartzeko. Startup batentzat, izan ere, finantzazio-bide garrantzitsuak dira horiek. BIC Arabako taldearen hurbiltasunak, etengabeko laguntzak eta eskuragarritasunak erraztu eta lagundu egiten du ekintzailetzak dakartzan arazo guztiak gainditzen.
BIC Araba funtsezkoa izan da BCARE abiarazteko, eta eman izan diguten laguntza ekonomikoa zein aholkularitzazkoa katalizatzailea izan da gure sendotze-prozesuan. Zeharo eskerturik gaude BIC Arabak gure proiektuan jarritako konfiantzagatik eta gure ekimena hasiera-hasieratik laguntzeagatik.
Baigene-ri bere lehen etapetan eta, are, orain ere, 7 urte geroago, BIC Arabak eman izan dion euskarria eta laguntza funtsezkoa izan da eta jarraitzen du izaten Baigeneren zerbitzuek aurrera egiteko eta hobetzeko. Ez bakarrik aholkularitza ematen duten langileen aldetiko ezagutzagatik, baita proiektuan engaiatzen diren moduagatik eta taldearen giza kalitateagatik ere.
Askatasun mentala. Proiektu bat esku artean duzunean, amaigabeak eta askotarikoak izan ohi dira burutu beharrean zaren egitekoak. Alabaina, horren zati handi batean BIC Arabak laguntzen die hemen kokaturik garen enpresoi, izugarri lagundu ere. BICen taldeari esker, beti jakinaren gainean gaude gure jardueraren mesederako/eraginerako diren laguntza, lehiaketa eta mota guztietako komunikazioetan. Instalazioak ere egoera ezin hobean zaintzen dira, eta geureaz besterik ez dugu arduratu beharrik izaten. Bere egitekoa ezinbestekoa da enpresak sortzeko ekosistemarentzat!
BIC Arabaren lana eta taldea bi hitzetan azaldu behar banu, hauexek aukeratuko nituzke: ATEAK ZABALIK. Ez dituzte soilik ganoraz betetzen BIC gisa dituzten eginkizunak, ekintzaileen beharrei entzuten eta erantzuten ere ahalegintzen dira, euren artean networking-a sustatuz eta inguruan benetako komunitate bat sortuz. Eskerrik asko, guztiagatik.
BIC Arabatik euren laguntza eta eskarmentu osoa eskaini ziguten orduko gure ideia haiek egiazki azaleratu eta benetako proiektu batean gauzatzeko. Bulkada hura gabe, nekez lortuko genuen iritsi garen lekura heltzea.
Harro eta pozik eman genituen enpresaren lehen urratsak BIC Araban 2009 eta 2014 urteen artean. Araban teknologiaren edo berrikuntzaren arloko ekintzailetza-ekimen bati ekin nahi dion orori zera aholkatzen diot: lehenengo eta behin BIC Araba bisita dezala. Inolako zalantzarik gabe. Bertan, orientazioa, laguntza, informazioa eta prestakuntza jasoko ditu, eta zuzeneko lotura izango du I+G+b eta berrikuntzaren euskal sistemarekin. Horrez gain, bete-betean sartuko da Arabako Parke Teknologikoan nagusi den tokiko ekosistema berritzailean. Hori guztia giro eder batean murgilduta, non ekitaldi, afari eta pintxo-jate ugari egiten diren beste ekintzaile, inbertitzaile, enpresa eta erakunde batzuk ezagutzeko.
Gure enpresarentzat, BIC Araba laguntza oso garrantzitsua izan zen hasieretan, eta halaxe jarraitzen du izaten 5 urte geroago ere. Estimu handitan dugu eurengandik jasotako tratu zeharo profesionala, eta beti guri informazioa emateko adi egotea, eragin diezagukeen edo gure interesekoa izan daitekeen guztian egunean egon gaitezen.
BIC Araba gabe ez genuen ekintzailetzarik burutuko Gasteizen. Atzerrian geratu izango ginen. BICek emandako laguntzari esker, aurrera atera ditugu errobotikako 3 startup, eta 100 lanpostu sortu izan ditugu horien bidez azken urte hauetan, gehienak geure eskualdekoak. Suitzatik (Acutronic), Japoniatik (Sony), Estatu Batuetatik (DARPA) edo Telefonicatik bertatik kapitala erakarrita, BICen lan “biderkatzailea” erabakigarria da eskualdearen garapen ekonomiko eta teknologikorako.
Eskerrekotasunez beterik gaude BIC Arabako taldearen laguntza eta eskuzabaltasunezko jarreragatik. Lagundu egin digute Chubby Apps enpresan eman izan dugun urrats bakoitzean.
2021eko urtarril honetan urtebete egingo dugu osasun-produktuen eta makineriaren CE markaketan espezializatutako gure deviCe sistemas aholkularitzarekin BIC Araban. Oso esperientzia ona ari da izaten, lankidetzan aritu gaitezken enpresa asko ezagutzeko aukera eman digulako. Horiei esker, proiektu oso interesgarriak sortu zaizkigu. BIC Araba kudeatzen duen taldea beti dago laguntzeko, ezin hobeto ezagutzen ditu enpresa bakoitzaren beharrak eta BIC osatzen dugun guztion arteko elkarketa eta lankidetza bultzatzen du. Etorkizun profesionaleko proiektu bati hasiera emateko toki aproposa da, zalantzarik gabe.
Vending Modular sortu zenean bakarrik nengoen. Aita ezkongabea nintzen. Neure eskuetan nuen, begiratzen nion eta ez nekien zer egin. Inork ez zidan erakutsi aita ekintzaile bat izaten. Zorionez, BIC Arabako giza taldearen eta instalazioen laguntza jaso izan nuen ziurgabetasunez betetakoak alabaina zirraragarriak ere baziren une horietan. Egun, “neskatilak” 12 urte ditu dagoeneko eta 13 pertsona gaude haren hazteari emanik. Nire esker ona BICi lehen zaintza haiengatik.
Gu BIC Araban hazi izan gara, bai maila pertsonalean bai profesionalean, egun garena izatera iristeko: pertsona hobeak eta ekintzaileak. BIC Arabari eta bere giza taldeari esker, egun ahal den inbertsiorik onena egin izan ahal dugu: proiektu teknologiko berritzaile eta ikertzaile bat sortzea.
i+Med enpresaren ibilbidea eta hazkundea lotuta dago BIC Arabako gure egonaldiari. Ingurune pribilegiatu batean espazio eta azpiegitura batzuetarako aukera izateak erraztu egin digu enpresa modura garatzea. Ezin aipatu gabe utzi BIC Arabako taldeak ematen digun laguntza eta konpainia i+g deialdiei eta proiektu berriei heltzerakoan. Horren guztiaren batura i+Med-en egunerokoan islatzen da, eta gure enpresa-proiektuari etorkizuneko bermeaz heltzeko aukera ematen digu.
Enpresa bat sortzera zoazenean ahal duzun laguntza guztia behar izaten duzu, eta BIC Arabako taldeak emango dizu hori. Gu ez ginateke izango eman izan ziguten laguntzarik gabe, eta ziur nago gauza bera gerta zaiela beste hainbat eta hainbat enpresari ere. Proiektu bat hastear den edonori gomendatuko nioke eurekin geratzeko kafe bat hartzera, bost axola zenbat esperientzia duzun, ziur merezi izango duela.
BIC Araba ekintzaile gisa lehen urratsak eman nituen “etxea” baino askoz gehiago da. Bere taldearen hurbiltasunak eta engaiamenduak neure enpresa-proiektua garatzeko seguru sentiarazi nauen “etxe” bilakatu da.
“Atzerritarra” izanagatik, BICen etxekoa naizela sentiarazten naute. Lehen egunetik nabaritu nuen euren interesa Miñaon enpresa bat sor nezan, eta enpresari gisa arrakasta lortzeko benetako laguntza eskaini izan didate. Erraztasun ekonomikoek, bertako pertsona zintzoek, aholkularitza teknikoak eta, zer esanik ez, bertako ikuspegiak ekintzaile bezala berriro errepikatuko nukeen toki egiten dute BIC.
Maitasun handiz gogoratzen dut ekintzaile hasiberria nintzela BIC Araban igaro nuen garaia. BIC Araba osatzen duten pertsona guztiek eskainitako laguntza ezin ordainduzkoa da. Eta arazo berberei heltzerakoan han suertatzen diren gainerako ekintzaileekin sortzen den adiskidetasuna betirako izaten da.
BIC Arabatik zerbait nabarmentzen hasiz gero, bertako taldeak ematen digun laguntza itzela nabarmenduko nuke, dituzten instalazio bikainez gain. Laguntza handia dira, benetan, gure jarduerarentzat. Hura gabe askoz zailago genuke gure helburuak lortzea. Hori esanik, azpimarratu nahi nuke ematen diguten laguntza arlo profesionalean nola pertsonalean ematen digutela, babesa eskainiz guztiok igarotzen ditugun ziurgabetasunezko unetan, batik bat jarduera hasieran. Beste aldetik, BICeko taldearen laguntzaz gain garrantzitsua da ere beste ekintzaile batzuez inguraturik egotea, sinergiak sortu daitezke-eta horiekin. Gainera, “Berdinen” artean geure bizipenak partekatu ahal izatea oso aberasgarria da.
Ditrel-i emandako laguntza ekonomikoa funtsezkoa izan zen itsasoko energiaren nazioarteko merkatura jauzi egiteko. Baina, zenbakiez harago, gogoan iltzaturik ditut Maitanerekin eta Davidekin gure proiektuari buruz izandako elkarrizketak, bai hasieran aurkezterakoan bai ondoko hilabeteetan. 2019. eta 2020. urteetan jasotako laguntza hurbilekoa eta pertsonalizatua izan zen, eta nabarmena zen gure proiektuak aurrera egin zezan jartzen zuten interesa. Euren zeharkako ikuspegiari esker, merkataritza-jarduerarako beste ikuspegi bat eskaini ziguten, gurea bezalako enpresa txikietan oso beharrezko dena.
Duela 10 urte baino gehiago hasi ginen gu BICen (CEIA zen orduan), eta familiakoak izaten jarraitzen dugu oraindik ere. Laguntzen dizun eta ate asko irekitzen dizkizun talde bikaina da. Milesker!
Hasi lehen ideiatik eta inbertsio garairaino, beti eman didate laguntza. Euren laguntzarik gabe ezinezkoa zitzaidakeen neure enpresa sortzea. BIC Arabako instalazioetan ekintzaileez inguraturik egoteak egunez egun hazten joaten laguntzen dit.