2023, Apirila 4

49 proiektu dira maiatzaren 4ko Ekin Day egunean sariak banatuko dituzten Araba Ekinean egitasmoko ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako finalista izateko hautagaiak

  • Sariketako epaimahaia lurraldeko eragile ekintzaile nagusiek osatzen dute eta orain proposamenak aztertu eta finalisten zerrenda apirilaren erdialdean deituko duten onlineko ekitaldian ezagutaraziko dute
  • Finalistek apirilaren 25ean egingo den defentsa publikoa prestatzen lagunduko dien prestaketa-ikastarora joateko aukera izango dute
  • Maiatzaren 4an egingo dugu Ekin Day eguna. Bertan, sariak banatuko dizkiete proiektu irabazleei eta hitzaldiak eta elkarrizketa-mahaiak ere egingo dira bertan, Araba Ekinean egitasmoaren 20 urteko ibilbidea omentzeko

Araba Ekinean ekimenean ‘Zure ideiak balio du’ XIX. Sariketarako epea ostegunean, martxoaren 30ean, itxi zen eta arabarren edo Araba lurraldean garatzeko negozio-ideiekin lotutako 49 hautagaitza jaso ditu. Oraingoan, aurkeztutako proiektu guztiak ebaluatuko ditu lehiaketako epaimahaiak eta hark erabakiko du zein iritsiko diren amaierako fasera. Finalista horiek izango dira edizioko 8 sarietakoren bat eskuratzeko hautagaiak.

Ekimena bultzatzen duten erakundeek (Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez, eta Vital Fundazioa) adierazi dutenez, “pozik daude gure lurraldeko ideien kopurua eta kalitatea handiak direla egiaztatuta eta Araba Ekineanen bidez duela 20 urtetik bultzatzen eta sustatzen saiatzen garen borondate sortzaile hori eta espiritu berritzailea agerian geratu direlako”. Hain zuzen ere, Araba Ekinean ekimenak bi hamarkada beteko ditu aurten. Urte hauetan guztietan, Arabako ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako erreferentziazko ekimen eta egitasmo gisa sendotu da.

Aurtengo edizioan, sariketaren antolakuntzak ekonomia zirkularrarekin, osasunarekin edo eraldaketa digitalarekin lotuta jasotako proposamenen kopuru handia nabarmendu nahi izan du eta, azken urteotan ohiko bihurtu den moduan, gizartearen eta planetaren behar berriei erantzuna ematera bideratutako proiektuak eta ideiak garatzen dituzten oso pertsona gazteen partaidetza handia hauteman da.

Arabako eragile ekintzaile nagusiek eta lehiaketako babesle diren erakundeek osatuko duten epaimahaiak bere balorazioa egin ostean, finalisten izenak apirilaren erdialdean egingo den Ekin Breakfast berezi batean ezagutaraziko dituzte. Gainera, aurreko edizioetan lehiaketa irabazi zuten ekintzaileek parte hartuko dute onlineko ekitaldi horretan, eta ordutik haien ideiak nola garatu dituzten azalduko dute. Topaketa horretan izen-ematea doakoa da eta webgune honen bidez egin daiteke: www.alavaemprende.com.

Ideia finalisten aurkezpena

Finalera iristen diren proiektuek publikoaren aurrean defendatu beharko dute haien proposamena apirilaren 25ean Europa Jauregian, eta edizio honetako irabazleen izenak maiatzaren 4an, ostegunean, ezagutaraziko dituzte Araba Ekinean ekimenaren jardunaldi nagusia den Ekin Day egunean.

Hauek dira lehiaketako sariak:

  • Vital Fundazioa saria, ideia onenarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Aclima saria, ideiarik jasangarrienarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Merkataritzako eta turismoko Gasteiz ON saria. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Eroski saria, nekazaritzako elikagaien arloko egitasmorik onenarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Michelin saria, industria arloko egitasmorik onenarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • i+Med saria, osasun arloko ekimen onenarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.

Kategoria nagusi horiez gain, beste bi sari berezi eta metagarri banatuko dituzte eta proiektuek horiek eskuratzeko aukera izango dute aurrekoetakoren bat jasota ere:

  • RPK sari berezia, enpresa arloko eraldaketa sozialarentzat. 1.000 euroko zenbatekoa duena.
  • Publikoaren sari berezia. Ideia finalisten azken aurkezpenera joaten den publikoak aukeratuko du sariduna. 300 euroko balioa du.

Ekin Day

Araba Ekinean ekimenaren lehiaketaren egun nagusia, Ekin Day, maiatzaren 4an egingo dugu Europa Biltzar Jauregian. Bertan banatuko ditugu ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketako sariak. ‘Araba Ekin’ sariak ere banatuko ditugu, urtero bezala; horien bidez, Arabako enpresa arloko pertsona nabarmen baten ibilbidea aitortuko dugu Ekintzaile Handia sariarekin, eta talentu berri bat, Ekin Araban sariarekin.

Gainera, jardunaldi hori da ekintzailetzarekin lotutako ideiak eta esperientziak trukatzeko eta topaketarako ekimen nagusia. Aurten, edukia “Eraldaketaren liderrak” kontzeptuaren inguruan garatuko da. Hain zuzen ere, claim horrek azpimarratzen du urte hauetan guztietan Araba Ekinean egitasmoak eta Arabako gainerako ekosistema ekintzaileak, pertsonek eta proiektu bereziek egindako bidea. Horiek guztiek gure lurraldean aberastasuna eta garapena sortzen laguntzen dute.

Jardunaldia hasteko, berrikuntzaren eredu diren eta Arabako enpresentzako aukera eta bide berriak irekitzen dituzten proiektuen inspirazio-adibideak izango dira.

Ekin Dayk, gainera, ‘Made in Araba’ eraldaketa izenburupean panel bat izango du. Horren baitan, sektore berrien, lan egiteko modu berrien eta teknologia berrien erakusgarri diren Arabako enpresetako ordezkariek ikuspegiak trukatuko dituzte eta gure gizarteak behar dituen eraldaketak bultzatzeko ekintzailetza funtsezko elementua dela erakutsiko dute. Alba Biotech, Powerful tree, Hobeen eta Eatyjet

Amaitzeko, Araba Ekineanen 20 urteko historia ospatzeko amaierako oso elkarrizketa berezia egingo da. ‘Ibilbidea eta etorkizuna’ izenburupean, Arabako ekintzailetza arloko bi eragile adierazgarrik (eskarmentu handiagoa duena bata eta gazteagoa bestea), Juan Luis Cañasek (Bodegas Cañasekoa) eta Maitane López de Forondak (PlayerOn startup teknologikoko kidea) beren esperientziak partekatu eta gure lurraldeari atxikitako talentu ekintzailearekin lotutako hainbat ikuspegi erakutsiko dituzte.

Araba Ekinean egitasmoko ekitaldiei buruzko informazioa www.alavaemprende.com webgunean dago eskuragarri. Doako izen-ematea ere bide horretatik egin behar da.

PARTEKATU