2018an Araba Ekinean ekimenak bere jarduera eta topaketak areagotuko ditu
2018an Araba Ekinean bere jarduera eta topaketak areagotuko ditu, lurralde osoko ekintzaile komunitatea zabaltzeko eta interkomunikatzeko helburuarekin
-Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak, BIC Arabaren bitartez, ekimena antolatzen dute elkarlanean, eta “Zure ideiak balio du” lehiaketaren beste edizio bat jarri dute martxan, saritutako kategorien kopurua handituz gazteenen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin.
-Jardunaldi nagusia, hemendik aurrera Ekin Day izena eramango duena, apirilaren 19an (osteguna) egingo da, eta Arabako ekintzailetza-sisteman erreferentziazkoak diren ekintzaile eta erakundeen (azeleratzaileak, finantza- eta aholkularitza-erakundeak, etab.) arteko bigarren B2B Topaketa hartuko du.
-Urtean zehar Araba Ekinean ekimenak topaketa gehiago sustatuko ditu ekintzaile komunitatea indartzeko asmoarekin, lurraldeko beste enpresa eta erakundeekiko sinergiak bilatuko dituen Ekin Breakfast izeneko formatu berriaren bitartez.
-Aurtengo jarduerei hasiera emateko, otsailaren 8an, osteguna, Eskola Enpresen Azoka egingo da Andre Maria Zuriaren plazan, eta, gutxi gorabehera, ikasleek sortutako 30 ekimen ekintzailek parte hartuko dute bertan.
Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak, BIC Arabaren bitartez, Araba Ekinean ekimenaren 2018rako planteamendu berria aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Jarduera eta topaketen kopurua areagotu da aurten, nola on line hala presentzialetan, lurraldeko ekintzaile guztien arteko konexioa handitzeko eta hobetzeko helburu nagusiarekin. Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Nerea Melgosa Gasteizko Udalaren Garapen Ekonomiko Iraunkorreko zinegotziak eta David Montero BIC Arabako zuzendari kudeatzaileak urte osoko programazioaren berritasunak azaldu dituzte gaur zehatz-mehatz, eta nahi duenak www.alavaemprende.com webgunean kontsultatu ahal izango ditu une oro. 3 erakundeek lortu nahi dute Araba Ekinean ekimenaren inguruan ekintzaile komunitate bat sortzea, lurralde osoan ekintzailetza bultzatzen lagunduko duena, eta, horretarako, Arabako ekosistema ekintzailearen publiko guztien arteko topaguneak indartuko dira, ekintzaileekin hasi eta hezkuntza-sistema, aholkularitza-erakundeak, instituzioak, azeleratzaileak edo finantziazio-erakundeak barne hartuz.
Gaur, urtarrilaren 29an, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XIV. edizioa iragarri da. Ekintzaile gazteen proiektu eta ideiak saritzeko lehiaketa da. Aurten bi kategoria berri sortu dira. Batetik, otsailaren 8an egingo den Eskola Enpresen Azokan aurkeztutako ekimen onena sarituko da, eta, gainera, publikoaren sari berezi bat izango da, apirilaren 19ko egun nagusiaren esparruan proiektu finalisten aurkezpenera bertaratuko diren guztien bozketaren bitartez hautatuko dena. Sari horietako bakoitzaren irabazleak 300 euro eramango ditu. Gainera, iazko edizioko beste 4 kategoriei eutsiko zaie:
– Ideiak: Oraindik garatu ez badira ere, originalak direlako edo etorkizuneko potentziala dutelako aitortza merezi duten planteamendu ekintzaileak saritzeko (300 euro).
-Berrikuntza eta Teknologia: Berrikuntza- eta/edo teknologia-osagairen bat duten proiektuak biltzen ditu (1.000 euro).
– Aukera: Teknologia-osagairik gabe jada garatu diren proiektuak (1.000 euro).
– Iraunkortasuna: Aclima Ingurumen Enpresen Euskal Klusterrak babesten du, garapen iraunkorraren eta ekonomia zirkularraren balioak ondoen islatzen dituzten proiektuak saritzeko (400 euro).
Iaz bezala, aurtengo lehiaketak Vital Fundazioaren babesa ere izango du, eta esan beharra dago horri esker sari guztien diru-kopurua handitzeko aukera izan dela aurreko edizioen aldean. Lehiaketaren edizio berri honetan parte hartu nahi duten guztiek lehiaketaren oinarriak kontsulta ditzakete www.alavaemprende.com lehiaketaren webgunean, eta martxoaren 26ra arteko epea dute ideia eta proiektuak aurkezteko, honako email honen bitartez: tuideacuentaaraba@gmail.com . Proposamen edo ideia ekintzaileak dituen pertsona orok (adin-mugarik gabe) parte har dezake; Araban bizi direnei edo Arabako ikasleei lehentasuna emango zaie, baina ez da kontuan hartuko ideia ekintzailea zein sortze- edo garapen-fasetan dagoen. Lanak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, eta gehienez ere 5 orriko luzera izango dute. Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko, BIC Arabako, Arabako Merkataritza Ganberako, Ajebask-eko, Secot-eko, Hetel-eko, Ikaslan-eko, UPV-EHUko eta Aclima-ko ordezkariek osatuko dute lehiaketaren epaimahaia. 6 kategorietako finalistak hautatuko dituzte, eta gero, aldez aurretik adierazi dugunez, publikoak hautatuko du zuzenean azken saria.
Jarduera eta partner gehiago
Behin ideien lehiaketaren deialdia egin ondoren, aurtengo lehen jarduera Eskola Enpresen ohiko Azoka izango da, otsailaren 8an Andre Maria Zuriaren plazan egingo dena, Ikasenpresa programaren barruan Arabako hainbat prestakuntza-zentrotako ikasleek garatutako gutxi gorabehera 30 enpresa-ekimenen parte-hartzea izango duena. Lehen aldiz, produktu eta zerbitzu guztiak karpa batean jarriko dira ikusgai, otsaileko eguraldi txarrari aurre egiteko eta horrela herritarrak erakartzeko aukerak handitzeko. Berritasun gisa, parte hartzen dutenek eszenatoki batean azaldu beharko dituzte beren ekimenak, eta epaimahai batek 3 onenak hautatuko ditu, “Zure ideiak balio du” lehiaketaren barruan ad hoc sortutako sari berria irabazteko hautagai izango direnak.
Otsailean estreinatuko da, halaber, ekitaldien formatu berri bat, Arabako ekintzaile komunitate osoaren topaketa, parte-hartze eta eztabaidarako guneak areagotzeko asmoarekin. Ekin Breakfast izenburupean, jardunaldi laburrak izango dira. Gehienez 2 orduko iraupena izango dute eta gai espezifiko bat izango dute ardatz. Gainera, Partner baten inplikazioari esker, jardunaldiaren zabalkundea areagotzeko aukera izango da. Lehen Ekin Breakfast UPV/EHUko Arabako Campusean egingo da datozen egunetan iragarriko den egun batean, eta millennialen belaunaldiaren ekintzailetzan jarriko du arreta. 2018an beste hainbat deialdi egingo dira, eta partner berriek interes handiko gaiak jorratuko dituzte, hala nola 4.0 industria, proiektu berrien finantzaketa edo landa-arloko ekintzailetza. Berritasun guztiak Araba Ekinean ekimenaren webgunearen eta sare sozialen bitartez kontsultatzeko aukera izango da.
Ekin + da aurten inplementatuko den beste formatu berri bat. Topaketa horietan erreferentziazko hainbat pertsona ezagutuko ditugu aisia-jardueren bitartez, espiritu ekintzailea bultzatzeko balioak ekartzeko moduan egongo direnak.
Ekin Day eta B2B topaketa
2018an, Araba Ekinean ekimenaren ohiko jardunaldi nagusiaren izena eta edukia aldatuko dira. Hemendik aurrera Ekin Day izena eramango du, eta datorren apirilaren 19an antolatuko da Europa Jauregian. Biharko saioak “Zure ideiak balio du” XIV. Lehiaketaren ideia finalisten aurkezpenean jarriko du arreta, eta jardunaldi berezi bat ere antolatuko da etorkizuneko ekintzaileekin, hau da, lurraldeko prestakuntza-zentroetako ikasle gazteekin, haiekin elkarlanean ekintzailetzaren balio eta gakoak eraikitzeko pintxoak egiteko tailer baten bitartez.
Arratsaldeko saioa Araba Ekinean ekimenaren bigarren B2B topaketarekin hasiko da. Iazko deialdiak arrakasta izan zuen, ia berrogeita hamar bilera hitzartu baitziren, eta, edizio honetarako, parte hartuko duten erakundeen (finantza-erakundeak, aholkularitzakoak, azeleratzaileak eta Business Angels) kopurua areagotu da. Horrekin lortu nahi duguna da proiektu ekintzaileetako hainbat fasetan lanean ari diren pertsonek proiektu horiek garatzeko laguntza emateko moduan dauden erakundeekin zuzenean topatzeko aukera izatea, eta, bide batez, beste ekintzaile batzuk ezagutzea, sinergiak sortu ahal izateko. Parte hartu nahi duten pertsona guztiek izena eman dezakete Araba Ekinean ekimenaren webgunearen bitartez.
Ekin Day ekimenean ekintzailetzaren munduan erreferentziazkoak diren enpresa eta pertsonek hartuko dute parte; asmo handiko programa dauka, eta datozen hilabeteetan emango da aditzera. Ideien lehiaketaren sarien, Ekintzaile Handiaren Sariaren eta Araban Ekiten sariaren banaketa ere hartuko du. DJ batek girotutako jaiak itxiko du jardunaldia.
Araba Ekinean ekimenaren barruan, beste erakunde batzuek antolatutako ekimenak ere egingo dira, esaterako, Start Up Week Europe jardunaldia, datorren martxoaren 5ean Bic Arabak Europa Jauregian garatuko duena.
Hezkuntza-komunitatean ekintzailetza bultzatuz
Araba Ekinean ekimenaren lehentasunezko publikoetako bat une honetan lurraldeko ikastetxeetan ikasten ari diren gazteak dira, Arabako ekintzailetzaren “harrobitzat” jo dezakeguna, nolabait esateko. Urtero bezala, programa espezifiko bat prestatu da kolektibo horrentzat. Aldez aurretik aipatutako Enpresen Azokaz eta UPV/EHUrekiko Ekin Breakfast ekimenaz gain, sormen-tailerrak ere antolatuko dira, ikasleei Gasteizen, Laudion eta Amurrion ideia ekintzaileak bultzatzen laguntzeko. Ideien lehiaketan gazte horiek parte-hartze aktiboagoa izatea ere lortu nahi da ekintza horien bitartez. Ekin Day ekimenean parte har dezatela ere sustatuko da pintxoak egiteko saioaren bitartez, lurraldeko enpresekin elkarlanean.
Azkenik, aipatzekoa da joan den urteko apirilaz geroztik Araba Ekinean ekimenaren gune digitala indartu egin dela, diseinu berri batez, ekintzaileei laguntzeko atal berriak ezarriz eta edukiak etengabe eguneratuz, eta aurten ildo beretik jarraituko duela hileko aldizkari bat abian jarriz, ekintzaile komunitate osoarekiko komunikazioa hobetzeko asmoarekin.
PARTEKATU