2016, Abendua 5

2016ko INIZIA sarien banaketa

Javier Garaizar Arabako Campuseko errektoreordeak zuzenduriko ekitaldi batean, UPV/EHUko Arabako Campuseko Unibertsitateko Ekintzaile INIZIA sarien 6. edizioko sariak banatu ziren. Ekitaldi horretan izan ziren, halaber, David Montero BIC Arabako zuzendaria eta Arantza Beitia Arabako Campuseko Garapen zuzendaria. Sariak INIZIA Arabacampus programaren barruan antolatzen dira; programa horrek unibertsitateko komunitatearen artean ekintzailetzaren kultura sustatzeko askotariko jarduerak antolatzen ditu, BIC Arabarekin elkarlanean.
INIZIA sariak tituludunentzat, graduondokoa dutenentzat, UPV/EHUko edozein ziklotako ikasleentzat, irakasleentzat eta ikertzaileentzat dira, baita UPV/EHUn bertan eginiko ikerketa baten harira garaturiko teknologia erabiltzen duten sustatzaileentzat ere. Sariak prestakuntza jardueretarako eta proiektua aztertzeko eta garatzeko zerbitzuetarako erabili behar dira (kanpoko prestakuntza, aholkularitza, maketak eta prototipoak egitea…).
Hauek dira helburu nagusiak: enpresa bilakatzeko aukerak dituzten proiektuak sortzen laguntzea, unibertsitateak enpresa berriak sortzeko duen ahalmen berritzailea baliatzea eta Arabako nekazaritza elikagaien sektorearen barruan ekintzailetza sustatzea, besteak beste.

Saria jaso duten proiektuak

Lehenengo saria (2.000 €): Gastheiz, Gasteizko garagardoa.
Proiektu berritzaile honek Arabako patatarekin eginiko garagardoa aurkeztu du. Egileek honela deskribatu dute proiektua: “Garagardoa gizadiaren edari hartzitu zaharrenetarikoa da. Era guztietako garagardoak daude: horiak, txigortuak, limodunak eta basafruitudunak, baita urdina ere. Proiektu honen berritasuna ez datza garagardoa izatean, ezta patataz eginiko garagardoa izatean ere; guk arabarrentzako zerbait egin nahi izan dugu. Euskadin, 322.000 arabar patatazale daude, eta harro daude horretaz. Bilbok La Salve garagardoa du, eta Donostiak, Keler. Bada, Gasteizek ere bere garagardoa izateko garaia du. Eta, patatazaleak garenez, gure garagardoak ere patatarena izan behar du”.

Bigarren saria (1.000 €): Biosentsoreen eta sorospen aparatuen garapena.
‘Lagundu ID’ proiektua aparatu teknologiko eramangarri bat da, elementu fisiologikoak sistema elektrikoekin elkartzen dituena eta jarduera fisikoa egiten ari garen bitartean anomaliak aztertu eta detektatzeko gai dena. Era berean, sorospen aparatua ere bada: atleta arriskuan baldin badago, kokalekua eta informazio mediko garrantzitsua ematen ditu berehala.

Accesita (500 €): Etermal klinika.
Etermal klinikan zenbait teknika termal ematen dira; ur mineral eta medizinal onenen propietate fisiko eta kimikoak baliatuz, osasuna hobetu eta zaindu nahi da ikuspuntu terapeutikotik, prebentzioan, osasunaren sustapenean eta autonomia pertsonalean oinarrituta. Modu horretan, arazoei tratamendu krenoterapikoekin, atmiatrikoekin, helioterapiarekin eta mesoterapiarekin helduko zaie.[:][/fusion_builder_column][/fusion_builder_row][/fusion_builder_container]

PARTEKATU